Bidaia Marokon (3) Krudeltasunaren ezinezko heriotza

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo 2016ko mai. 11a, 08:05

Hiri inperialak deritzon ibilbidea jarraituz, Casablanca atzean utzi genuen Rabat aldera abiatzeko. Bi hiriren artean 90 bat km eta ordu luze bateko ibilbidea dago. Bidaia luzea ez izateaz gain, gidariak informazio eta azalpenekin arindu zuen.

Ali gidariak oso izaera irekia erakusten zuen. Agerikoa zen bere historia-ezaguera, eta ziurtasun osoz hitz egiten zuen. Baina islama eta Marokoko monarkia jardungai zuten azalpenetan, bere iritzia ez zen inondik ere antzematen; gai hauetan oso jardun aseptikoa zen berea. Askotan iruditu zitzaidan ahaleginak egiten zituela bere iritzia nabarian ez uzteko.

Islama eta musulmanen ohiturak sarritan izan ziren mintzagai gidari guztiekin. Rabaterako bidean hitzaldi txiki bat eman zigun Alik: islamaren zutabeak eta fedearen lekukotasuna, suniten eta txiiten jatorriak eta beraien arteko ezberdintasunak, otoitzaren erritoa nola burutu…

Casablanca eta Rabat artean Skhirat izeneko herria dago (Sjirad gazteleraz). Herri hau eta bere hondartzak ez genituen ikusi, baina bere parean pasatu ginenean islamari buruzko solasaldia bukatu zen eta istorio berri bat hartu zuen lekua: Skhiraten sarraskia.

Skhiraten udako errege-jauregi bat dago. Hiru kilometrotan, errege familia eta goi mailako funtzionarioen gozamenerako, hainbat eraikin daude, terrazatan antolatuta eta Atlantikoari begira. 1971ko uztailaren 10ean Hassan II.ak bere 42 urtebetetzea ospatzen ari zela, estatu kolpe bat jasan zuen. Militarrek erasoz hartu zuten jauregia eta izugarrizko sarraskia eragin zuten: ehun baino gehiago hildako eta beste horren beste zauritu. Hassan II.ak onik atera zen, ez horrela matxinadaren buruak, fusilatuak izan ziren eta. “Erne ibili, Ufkir!”, ohikatu omen zuen fusilatze pelotoi aurrean estatu kolpe hartan parte hartu zuen jeneral batek .

Ufkir Hassan II.aren defentsa eta barne ministroa izan zen, eta erregearen borrerorik onena. Urte askotan Marokoko errepresio bortitza eta krudela zuzendu zuen. Bertsio batzuen arabera nahastuta egon zen Skhirateko sarraskian, hala ere hori ez dago argi. Baina hurrengo urtean, 1972ko abuztuaren 16an, atentatu berri bat jasan zuen Hassan II.ak .  Frantziatik itzultzen zen eta Marokoko airegunean sartzean bere hegazkina erasotua izan zen, baina estatu kolpea antolatu zutenek hil nahi zuten erregea onik atera zen berriro.

Orain argi omen zegoen Ufkir jeneralaren esku hartzea. Traidorea nor eta Ufkir!, erregearen konfiantzako gizona. Erregearen kontrako konplot guztiak deuseztatu zituena, ikasle manifestazioetan ehunka ikasle hilarazi zituena, kartzelak etsaiez bete zituena, erregea bera bezain krudela zena, … erregearen kontra oldartu zen.

 Ufkir izan ezik, kolpearen buru guztiei heriotza zigorra ezarri zieten. Ufkir ez zen epaiketara heldu; atentatua eta ordu batzuk geroago bere buruaz beste egin zuela esan zuen bertsio ofizialak. Bere familiak gorpua ikusi zuen, eta  nabarmenak ziren sorbaldan jasotako tiroak.

Orduan hasi ziren berun urteak deitutakoak. Errepresio eta zapaltze politika ankerrak eta gupidagabeak 1990 hamarkadako lehengo urteetaraino iraun zuen.

Hotza, grinagabekoa izan zen Aliren aldartea gertaera hauen historia kontatu zigunean. Baina Ufkirren emaztea –Fatima– kontakizunean sartu zen eta Aliri axolagabetasuna desagertu zitzaion. Begien bistakoa zen Fatimarekiko Aliren estimua.

Hassan II.ak hogei urtez –berun urteak– mendekatu zen mendekoengan, herritarrengan. Baina Ufkir hiltzea ez zitzaion nahikoa iruditu hurbilenaren  traizioarekiko mendekuzko desira betetzeko, eta  traidorearen familia osoa (Fatima emaztea eta sei seme-alaba) desagerrarazi zuen. Ez zituen hil, ez zuen agindurik eman hiltzeko; bizidun hilak bihurtu zituen. Ia hogei urtez  giltzapean egon ziren, kanpoko inongo harremanik izan gabe. Desagertuak mundu osorako.

Hamarkadak pasa ziren munduak familia honen  berri izan baino lehen. Orduan kartzela utzi zuten erbestera joateko. Fatima Ufkirrek Les jardins du Roi liburuan familiaren zorioneko eta zorigaitzeko egunak kontatzen ditu. Ali gidariak liburua irakurtzea gomendatu zigun.

Hassan II.ak ez zuen irakurri.  Skhirateko errege jauregian hil zen 1999an, eta Les jardins du Roi hurrengo urtean argitaratu zen. Erregea Rabaten lurperatu zuten, bere (ustezko) aita Mohammed V.aren mausoleoan. Ikusgarria da. Erdian Mohammed V.aren hilobia dago; Hassan II.arena, eta bere anai nagusiarena (edo anaiordearena?), bazterretan daude.

Marokoarrek eta sahararrek 38 urtez  jasan zuten Hassan II.aren erreinaldi odoltsua eta krudela. Urte luze haiek mendekoen bihotzak gogortu zituzten, eta erregearen heriotzak ez zituen eragin dolu adierazpenik kaleetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide