“Jaungoikoaren tronua uren gainean eraikiko da”, esaten omen du Koranaren bertset batek. Hassan II.ak horretan jarri zuen arreta bere izena eramango zuen meskita erraldoiaren eraikuntza agintzeko. Agian Koranaren beste agindu batzuk ez zituen gogoan izan.
Orain dela mende bat Casablancak 110.000 biztanle inguru zituen; gaur, 3.500.000 biztanleekin, Marokoko hiririk handiena eta jendetsuena da. Hiriburua izan ez arren, XX. mendeko bigarren erdian erresumako botere ekonomikoa bertan bildu zen, eta Hassan II.aren aburuz hiriak ikur enblematiko bat izan behar zuen. Horretarako 1985ean munduko meskita erraldoienetariko baten eraikuntza agindu zuen. 1993ko abuztuaren 30ean inauguratu zuten.
Barruko otoitz-gelan 25.000 fededun bildu daitezke, eta inguruko zabaldegietan 80.000 gehiago. Marokon musulmanak ez direnek ez dute meskitak bisitatzerik; hau da salbuespen bakarra. Baina turistek ez daukagu sartzerik barruan islamaren liturgiak burutzen diren bitartean.
Ikusgarria da, eta edozein ikuspuntutik ikusita handitasunera eramaten zaitu. Bere minareteak, adibidez, 210 m ditu eta munduko altuena da.
Inguruko kaleak eta auzoak ondo atonduak daude. La Corniche aldera joanez gero (eta hori zen gidariek eskaini ziguten ibilbidea), luxuzko etxeak eta luxuan bizi direnen aisialdiak asetzeko luxuzko mota guztietako baliabideak ikus ditzakegu Atlantikora begira.
Baina behartsuen txabolak luxuaren atzean daude, literalki. Lotsa-harresiak ikus daitezke: batzuetan bi metroko horma zuriek inguratzen dituzte txabolen auzoak, edo termino kolonial frantsesa erabiliz, bidonville-ak.
Hassan II.aren meskita eraikitzeko bertako auzo marjinalak lekualdarazi zituzten. Eta ez hori bakarrik; meskita nahitaezko herri harpidetza (!) baten bidez ordaindu zen, eta beraien bizilekutik erbesteratuak izan zirenek ordaindu behar zuten ere. Diru bilketa hartan haurrak ez ziren kanpoan geratu, dirham bana ordaindu behar zuten.
Marokoko erregeak fededunen liderra da ere, beraz Islamaren zutabeak oso ondo ezagutu behar ditu; eta bete? Islamak bost zutabe ditu: fedearen lekukotasuna ematea, otoitza egitea, zakât-a ematea, ramadan hilabetean baraua egitea eta Mekara joatea. Hassan II.ak, guztiak bete zituen?
Hirugarren zutabeak (zakât-a) behartsuei eman behar zaiei buruzkoa da; eman behar dena ez da eskupekoa, eginbeharra baizik. “Behartsuen eskubideak aberatsen ondasunetan daude”, irakurri dut nonbaiten bidaia egin dudanean.
Hassan II.ak ikaragarrizko meskita agindu zuen. Behartsuei zor ziena eman zien?