Urduñako Aintzinako Andra Maria ikastetxeko LH 6. mailako ikasleak, Gorobel mendilerroko sai arreen bizimodua ezagutzeko, Fraileburu ingurura hurbildu ziren ostiralean. Sai arreen ikustaldiaren ondoren, bigarren helburu bat bete zuten: Txarlazo tontorretik Urduñako udalerria goitik ezagutzea. Bertatik udalerriko mugetan jarri zuten arreta, hiria beraren eta Larruazabal Batzaren arteko barruko mugan ere; horrez gain eguraldiak erraztu zien Urduña Bizkaiarekiko eta Euskal Herriarekiko kokapena bistaratzea.
Eguraldi ona bermatuta izan behar genuen, batez ere sai arreak ikusi ahal izateko. Bi aldiz atzeratu genuen txangoa, baina apirilaren 15an gehiagorik ez genuela itxarongo erabaki genuen. Euri langarra lagun igotzeari ekin genion; lainoak Txolope osoa estaltzen zuen, baina Txarlazoraino ez zen jaisten, beraz itxaropena ez genuen galdu. Ikastetxetik ere, Gualdetxu iturrian geundela, bertso batzuk heldu zitzaizkigun animoak ematen (hemen entzun ditzakezue). Eguraldiak hobera egin zuen.
Fraileburu inguruan Juanma Pérez de Ana gure zain zegoen. Aurretik azalpen asko eman zizkigun egindako elkarrizketa batean. Geroago bere blogean ikusi dugu azken urteotan egindako errolden arabera, sai arreak gero eta urriagoak direla Gorobel mendilerroan. Orain, Juanmaren laguntzarekin hurbiletik ikusi ditugu saiak beren kumeak hazten.
Urduñara itzultzean batzuek ez zuten Txolopera igotzeko aukera galdu nahi, eta talaia horretatik Urduñako eta inguruko ikuspegiak beraiekin eraman zituzten.