Wegoaz bidai agentziari eta Aiaraldea komunikazio leihoari esker, Marokoko hainbat leku ezagutu edo berrikusi ditugu Josune eta biok. Bukatu da zentzu guztietan saria izan den bidaia; orain kontatu behar dut, saria eman zidatenei hitzeman nien eta. Orduan ez nuen espero orain dudan nagitasuna, baina hitza hitz da; astiro eta zatika beteko dut. Hasteko bidaideak hartuko ditut abiapuntu.
Pazko igandean heldu ginen Casablancara, arratsaldean. Atseden txiki bat hartu ondoren hurbil geneukan Arabiar Ligako parkera joan ginen. Oso leku lasaia iruditu zitzaigun. Adin guztietako jendea zegoen: gizonak petankan; familiak eta bikoteak paseatzen; mutil asko (binaka edo hirunaka) luzeak eta jariodunak ematen zituzten solasaldietan, … Hotelera itzuli baino lehen Nazio Batuen enparantzaraino luzatu genuen gure ibilbidea. Leku hau zaratatsuagoa zen, eta jendez lepo zegoen, enparantza betiko hartzeko intentzioarekin egongo balira.
Goizean hamabost eserleku autobusa heldu zen gure bila. Programaren araudiari moldatu behar genuen, eta nola edo ala, bidaideen tankerei ere. Turistak ginen bidai antolatu batean eta taldean mota askotako pertsonak egon zitezkeen: konformaerrazak edo zorrotzak; jatorrak eta irekiak, edo zuhurrak eta isilak; leku berriak begirada hutsarekin bidaiatzearen nahia edo beharra betetzen dutenak, edo leku berrietan ikastea nahiago dutenak; norberaren bizileku ikuspuntutik atzerriko kultura eta bizimodua epaitzen dutenak, edo ahalik eta gehien bertan murgiltzen direnak. Eta egon liteken ere leku eta herrialde askotan egon arren, oso gutxi bidaiatu dutenak. Gure taldea ez zen familia luze bat baino guztiz handiagoa izango; erraztuko al zuen horrek talde integrazioa?
Autobusak ia bidailagun guztiak hartuak zeuzkan gure hotelera heldu zenean. Gidaria marokoar zen, Ali izenekoa, eta gazteleraz hitz egiten zigun, baina gu ikusteaz euskaraz agurtu zigun:
―Egunon, Euskadi! Ondo lo egin?
―Ederki, eskerrik asko ―esan genion.
Esertzera gindoazenean baten batek galdetu zuen ea zer esaten zuen Alik. Beste bidaiari batek azaldu zuen euskaldunak ginela eta gidak euskaraz agurtzen gintuela.
―El vasco es una lengua impuesta ―esan zuen bakarrik bidaiatzen zuen emakume zahar batek.
―Como el catalán ―gehitu zuen beste batek. Eta ideia hori hizpide bihurtu zen.
Burura etorri zitzaidan Pako Aristiren Euskararen isobarak, eta liburuko euskararen gainean esaten diren hainbat gezurrei buruzko jarduna. Gezur horietako batek esaten du euskaldunek euskara inposatu nahi dugula. Nori eta menderatuari menperatzaile izendatu! Pako Aristiren hitzetan “inposizio hitza debekatua dago hizkuntza handien historia ofizialean. “Inposizio” hitza hizkuntza gutxituen eta biolentoki kamustuak izan direnen patrimonio bilakatu da” (Euskararen isobarak, 61 or.)
Hortik jo nuen eta hizkuntza handien inposatzeari buruz zerbait esaten ausartu nintzen. Baten batek ados egon zen, baina Aristik aipatzen duen bosgarren gezur hori egia zen taldeko gehienentzat. Oso errotua ematen zuen ideia horrek, eta komenigarria iruditu zitzaidan sasi eztabaida hura hoztea. Gozatzeko egiten genuen bidaia, eta suposatu nuen elkarrekiko aldarte ona mantentzearen alde, inork ez zituen erabiliko ad hominem argumentuak. Azken finean egun gutxi batzuk besterik ez genituen elkarrekin egon behar, zertarako hautsak harrotu besteak muzintzen diren gaiekin? Horregatik zeharka iradoki nuen iruzkin batzuekin ezingo ginatekeela ados egon; guk euskaraz irakasten dugula esan nien.
―O sea, que vivís de eso ―esan zuen batek. Eta isiltasuna egin zen.
Horrela bukatu zen gaiari buruzko berriketa. Kidetasuna sortzeko denbora gutxiegi igaro zen oraindik, baina bakan batzuk begitan hartzeko nahikoa eta gehiegi.
Bi geldiune beranduago bi neska gehitu ziren taldera, eta autobusa bete zen. Zirkuituko lehenengo geldiunea Casablancako Hassan II.aren meskita zen. Autobusetik jaistean neska baten irteera oztopatu nuen. Barkatzeko esan nion euskaraz, eta berehala “perdón”.
―Euskaraz nahi baduzu, euskalduna naiz ―esan zidan.
Iruñekoak ziren bi gazte horiek. Lehengo berriketa utzitako egonezina moteldu zitzaidan. Aurrerantzean “los vascos” izan ginen, eta Argentinatik etorritako emakume bat, baina Obanosen jaioa, taldera gehitu genuen.