Juan Manuel Pérez de Anak urtero egiten du Txarlazo eta Urduña mendate arteko sai arreen errolda. Urduñako Aintzinako Andra Maria ikastetxeko ikasle talde batek elkarrizketa bat egin zion hegazti horiei buruz, eta orain dela gutxi aditzera eman genuen. Baina elkarrizketa errolda egin baino lehen egin zen, eta bertan ez zen jaso aurtengo zenbaketan baieztatu den joera: sai arreen populazioa gutxitzen ari dela.
Juanmak erroldaren datuak argitaratu ditu bere blogean. Hau da berak azaltzen duena:
Grafika honetan Txarlazo eta Urduña mendateko tartean txitatzen duten sai arreen (Gyps fulvus) habien kopurua ikus daiteke; behaketa otsailaren bigarren hamabostaldian egin da. 2015 izan zen txitatzen bikote gutxien ikusitako urtea; arrazoia otsaileko lehenengo astean pairatu genuen elurtea izan zen; denboralearen erruz hainbat ugal porrotak gertatu ziren. 2015an bigarren erruteak berretsi genituen bost habietan, Gorobel mendilerroan lehenago nik inoiz ez ikusitakoa. Ekainaren errolda egitean horietako habi batean besterik ez zegoen kumerik.
Puntuzko lerroak ezkorra den joera adierazten du. 2013an sai kopuru altuena erroldatu genuen txitatzen: 83 bikote; hiru urte eta gero 58 besterik ez. Hots, aurten 2013 urtearekin alderatuz, %70 bikote besterik ez dago txitatzen.
Juanmak argitaratutakoa hemen ikus daiteke.