Sai arreek otsailean txitatzen dute. Aintziñako Andra Maria ikastetxeko LH 6. mailako ikasleek arreta jarri dute saien ugaltze bizi-funtzioan, eta saiak bere habitatean ikusteko Fraileburu ingurunera joango dira. BERRIKARIAK taldeak(LH 6. mailako talde bat) elkarrizketa bat egin dio Fraileburuko txangoan gure gidaria izango den Juanma Perez de Anari. Juanma biologo bat da. Naturaren kontserbazio eta zaintzearen alde lan egiten du. 2000 urtetik Bizkaiko Foru Aldundiarentzat lan egiten du basozaina gisa. Nerbioi isurialdean aritzen da, batez ere. Sai arreari buruz asko daki, eta 2008 urtetik Fraileburuko sai arrearen koloniaren errolda egiten du metodikoki.
Grabazioa entzun nahi baduzue, sakatu hemen: elkarrizketa
Berrikariak (BK). Juanmma, posiblea da jakitea zenbat sai bizi diren Gorobel mendizerrako harkaitzetan?
Juanma Perez de Ana (JPA). Barrerilla mendatetatik Angulo mendateraino 130 bikotek bere habia egiten dute. Horietatik erdia baino gehiagok, 70 bikote inguru, Txarlazo eta Urduñako mendate tarte horretan.
BK. Lau galdera mota prestatu ditugu: nolakoak diren sai arreak; non eta nola bizi diren; zergatik aukeratu dute Gorobel mendilerroa bizitzeko; eta, zergatik egin behar ditugu ahaleginak saiak kontserbatzeko.
NOLAKOAK DIRA SAI ARREAK
BK. Gutxitan izan dugu aukera animalia hauek hurbiletik ikusteko, baina oso handiak ematen dute. Ba al dago sai arreak baino hegazti handiagorik?
JPA. Bai. Gaur egungo hegazti handiena eta pisutsuena ostruka da; 130 kg baino gehiago izan ditzake. Baina hegan egiten dutenen artean, pisu handiena duena basoilo handia da: 15 kg pisatzen du. Desagertzeko arriskuan dago; Euskal Herrian Nafarroako hegoaldean bizi dira bakan batzuk. Baina hego luzeenak dituen hegaztia albatrosa da, itsas hegaztia.
BK. Zeintzuk dira putre heldu baten pisua eta neurriak?
JPA. Sai arreak 10 kilo pisatzen du, eta 260 zentimetroko hego-zabalera du.
BK. Esaten duzu putre baten hegoek bi metro eta erdi baino gehiago neurtzen dutela. Zergatik dituzte hain hego handiak?
JPA. Pisu handia daukatelako. Hego-zabalera hain handia izango ez balute, ezin izango lukete hegan egin.
Bk. Mokoa ez daukate beste hegaztiek bezala, okertuta daukate; zertarako?
JPA. Hegazti haragijaleek moko kakoduna dute jaten dituzten animalien larrua eta muskuluak urratzeko.
BK. Eta hankak, hegazti harrapariek bezalakoak dauzkate?
JPA. Ez. Hegazti harrapariek atzapar zorrotzak dituzte harrapakinak harrapatzeko. Baina saiek sarraskijaleak dira, eta ez dute animaliarik harrapatu behar; horregatik beraien hatzaparrak desberdinak dira, eta ez dute balio animaliak harrapatzeko.
BK. Emeak eta harrak berdinak dira?
JPA. Oso antza handia daukate, baina ez dira berdin-berdinak. Arra eta emea bereiztea oso zaila da. Baina badaude ezberdintasun batzuk: arren burua borobilagoa eta handiagoa da; eta arren hego muturra borobilagoa da.
SAIEN BIZILEKUAK ETA BIZIMODUAK
BK. Urduña inguruko saiek harkaitzetan daukate bizilekua. Mundu osoan bizi dira harkaitzetan? Eta horrela bada, zergatik aukeratzen dituzte leku horiek?
JPA. Bai; sai arreak harkaitzetan egiten du bere habia mundu osoan. Sai beltzak, ordea, zuhaitzetan egiten du. Harkaitzak eta zuhaitzak leku aproposak dira bere kumeak segurtasunez hazteko.
BK. Bizilekua edo habia aukeratuz gero, bizitza osorako da?
JPA. Bai, horrela dela uste dugu, baina oraindik ez daukagu froga askorik horrela denik ziurtasun osoz esateko.
BK. Arrak eta emeak, bizitza osorako elkartzen dira?
JPA. Badirudi horrela dela, baina hori ziurtatzeko ere, ez daukagu datu askorik. Hori jakiteko ale asko markaturik behar ditugu, ia bikoteak guztiz egonkorrak diren ala ez jakiteko. Oraindik oso ale gutxi dago kodedun eraztunekin markatuta.
BK. Saiek otsailean txitatzen dute, baina otsailean hots handia egiten du. Zergatik, orduan?
JPA. Emeek otsailean arrautza bakar bat erruten dute, baina txitak ez du hegan egingo uztaila edo abuztua arte. Ez dakigu zergatik erruten duten otsailean. Baina badakigu elurteak kaltegarriak direla saientzat, ugaltze-porrota eragiten dutelako, arrautzek huts egiten dutelako edo txita txikiak hiltzen direlako hotzak akabatuta.
BK. Nork zaintzen ditu txitak?
JPA. Arrak zein emeak zaintzen dituzte, baina txitak txikiak direnean, emeak denbora gehiago sartzen du kumearekin.
BK. Zenbat jan behar dute saiek?
JPA. Egunero kilo erdi haragi jan behar dute, edo jan ahal dute. Baina egun batzuk jan egin gabe bizi daitezke.
BK. Badakigu saiak sarraskijaleak direla, animalia hilak jaten dituztela. Baina batzuk esaten dute bizirik dauden animaliei ere eraso egiten dietela. Egia da hori?
JPA. Bai, egia da hori. Gutxitan gertatzen da; eta beti oso gaixorik dauden animaliei, edo erditzen ari direnei, egiten dizkiete horrelako erasoak. Aspaldian oso arraroa zen hori, baina gaur egun noizean behin gertatzen da. Ez dakigu zergatik, baina janaria faltagatik dela uste dugu.
ZERGATIK GOROBEL MENDIZERRAN
BK. Saiak urrutira joaten dira janari bila? Edo guk inguruan ikusten ditugun guztien bizilekua Gorobel mendizerra da?
JPA. Aspaldian uste genuen urrun joaten zirela janari bila, baina gaur egun badakigu oso urrun ez direla joaten; gehienez beraien bizilekutik 50 kilometrora, gutxi gora behera.
BK. Gorobel mendizerrak berezitasunen bat dauka saiak hemen bizi ahal izateko?
JPA. Bai, Gorobel mendizerrako amildegiak oso aproposak dira beren habiak egiteko.
SAI ARREAK KONTSERBATZEKO ARRAZOIAK
BK. Bukatzeko ikus dezagun sai arreak kontserbatzeko arrazoiak. Sai arreak, etsaiak edo predatzaileak ditu?
JPA. Ez, ez du predatzailerik naturan. Horregatik kume gutxi dute urtero, kume bat gehienez.
BK. Sai arrea arriskuan dago?
JPA. Arrisku larrian egon zen aspaldian, baina gaur egun ez dago arriskuan.
BK. Azaltzen diguzu zeintzuk diren arrazoiak sai arreak kontserbatzeko?
JPA. Naturan, hainbat gaixotasun zabaldu ez daitezen, oso garrantzitsuak dira sarraskijaleak. Ez dago animalia sarraskijale askorik; eta saiek oso azkar jaten dituzte animalien gorpuak; hezurrak besterik ez dute usten. Ez dago saiek bezain garbitzaile onik: animalia hilak saien eskura badaude, usteltze prozesua ez da ematen, edo guztiz laburtzen da. Horrela ez da hain erraza izango gaixotasunak zabaltzea.
BK. Asko ikasi dugu zurekin, Juanma, eskerrik asko.
Sai arrei buruz, eta Gorobel mendizerrako natura-ondareei buruz gehiago jakin nahi dutenek Juanmaren blogean sar daitezke; ia egunero kontatzen digu zerbait berri. Hau da esteka: http://sierrasalvada.blogspot.com.es/