Gaur, Urduñako Antzinako Andra Maria ikastetxeko LHko 5. eta 6. mailetako ikasleek, ikasgelak utzi dituzte udalerria hobeto ezagutzeko. Hainbat zubi zeharkatu dituzte udalerriaren ezaguera sakontzeko, eta bertako kultura-ondasunak antzemateko.
Zubi batzuk oinez zeharkatzeko eginak ziren, eta oinez zeharkatu dituzte. Horrela, Lendoñobeitiko XVIII. edo XIX. mendetan eraiki ziren hiru zubietatik gurutzatu dute ibaia. Baina alde berean, irudizko zubiak eraikiz, hamarkadak eta mendeak atzera joan dira lehengo bizimoduak imajinatzeko. Lendoñobeitin eskaini dieten errotaren ikustaldiak, imajinatu dutena gorpuzteko balio izan du neurri batean; herritik alde egitean errazago izan zaie ezin berdeago zeuden landak gariaz landatuta, eta hori-horiak, imajinatzea.
Goiko Landetako trikuharrian irudizko zubi luzeago bat eraiki behar izan dute ikasleek, 3.000 edo 4.000 urte atzera joateko; eta lortu dute. Nola edo hala zubi hori egiazkoa da: gaurko artzaina trikuharri ondoan irudikatuz, historia luze baten laburpena etorri zaie burura.
Eguraldia lagun, eguna ezin emankorragoa izan da.