[2015ko udan berraurkitutako argazkiak (eta 3)]
Argazki hau Lendoñobeitiko Elizalde auzoko arteen ebaketarena (1968) baino lehenagokoa da; gutxienez sei urte gehiago ditu honek. Bertan agertzen garenon jarduera argi dago. Arratsaldea zen; udazkena beharbada. Ordua ez dugu gogoratzen, eskola ordua izan liteke. Hurbil geneukan Lendoñoko eskola, baina ez dakigu noren apetaren araberako erabakiak hara joateko eskubidea bahitu zigun. Batzuetan baimena eskatzen genion maisuari edo maistrari eskolatik goizago ateratzeko, etxeko premiazko lanetan laguntza emateko. Baina ez, eskubidearen bahiketa, edo lapurreta, ez zen izan egun hartarako; lau urtez izan genuen itxita eskola. Eraikinak (gaur zaharberritutako Lendoñobeitiko dorretxea) ez omen zuen betetzen baldintza nahikorik eskolak emateko. Bi Lendoñoetako haurrak eskolarik gabe geratu ginen, eta eskola ixtea agindu zuenak ez zigun aukerarik eman Belandiako edo Urduñako eskoletan gure eskubidea gauzatzeko.
Bakan batzuk jubilatuta zegoen Urduñako maisu batengana joan ginen urte batean; hurrengoan, Lendoñobeitiko gehienak, Urduñako La Antigua auzoko El Recuerdo etxean egon ziren bi fraideengana; hirugarrenean Larruazabalera etorri zen apaiz gazte batek itxita zegoen eskolan irakasten zigun zerbait… Dena metodorik gabe, jarraitasunik gabe, ia emaitzarik gabe.
Joandako maistra itzuli zen berriro lau urte lehenago utzi zuen ikasgela berberan eskola ematera. Eraikinean aldaketa bakarra solairua zen, baina lehenagokoa baino guztiz itsusiagoa. Maistra non egon zen lau urte haietan ez dakigu. Gu Urduñara joan-etorrietan, herriko apaizarekin futbolen jolasten (horretan ere ez genuen ondo ikasi) eta eliza eta eskola inguruan beste jokoetan ibiltzen, baserrietako lanetan laguntza ematen… Eta egun askotan behiak zaintzen, argazkian bezala.
Argazkia atera zigunak ezaguna izan behar zuen ingurua gu geunden lekutik pasatzeko. Guretzat urtetsua zen, baina haur begiekin ikusi genuen eta gaztea izan liteke. Urduñakoa zen? Bizirik jarraitzen badu, gogoratzen du momentua?