UKML. Iragarritako ebaketa baten kronika

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo 2015ko abu. 31a, 19:02

1968ko urriaren 27an, igandeko mezaren ondoren, bat-bateko eta ezohiko bilera antolatu zuen Lendoñobeitiko alkateak, nahiz eta auzotarrak deituta egon ez arren. Alkatearen proposamenak ezustean harrapatu  zituen eliza aurrean zeudenak: bolatokiaren muturretan zeuden arteak botatzea nahi zuen. Bildutako bi kide besterik ez ziren kontra agertu, eta alkatearen erabaki apetatsuak arteen heriotza zigorra ekarri zuen. Baina istorio hau lehenago hasi zen.

Irailean maistra berri bat eta bere ama heldu ziren Lendoñobeitira. Eskola gaur egun zaharberritutako dorretxean zegoen: beheko solairuan ikasgela eta korta txiki bat, goikoan maisu edo maistraren etxea. Maistra berria etxean kokatu zen bere amarekin eta lanari ekin zion. Auzokoek (batez ere Rosariok, nire ama) ahaleginak egin zituzten biak gustura sentiarazteko. Maistra, Sara izenekoa, adeitsua zen, eta oso ondo moldatu zen. Herriko guztiek Sarita deitzen genion.

Maistraren sukaldeko leihoaren azpian hilerri zaharra zegoen, eta hilerritik kanpo arte handi eta urtetsua; arteak erdi hutsik zeukan enborra. Metro batzuk urrunago beste bat zegoen, eta biren artean denbora hartan erabiltzen ez zen bolatoki bat. Zuhaitzek auzoko gainontzeko etxeak ezkutatzen zituzten, eta maistrak ikuspegi hobeagoak nahi zituen.

Denbora hartako herriko alkateak ba zeuzkan urteak, eta ez zeukan jada eskola adineko seme-alabarik. Baina maitabera zen. Eskola ondotik pasatzen zen bakoitzean ibiliaren abiadura moteltzen zuen eta begirada harantz alde egiten zitzaion; arteak erdian zeuden gehienetan. Askotan maistraren amarekin egiten zuen topo, baina hura ez zen logura kentzen ziona.

Arriskurik gabe batu ezinezkoak diren bi elementu kimikoen antzera, maistraren nahiak eta alkatearen apetak leku eta momentu berean agertu ziren. Bi elementu haiek katalizatzaile bat behar zuten zorigaizto erreakzioa sortzeko. Funtzio hori herritar batzuen axolagabetasunak  eta beste batzuen harridura paralizatzaileak bete zuten. Kontra agertu zirenen argudioak ez ziren arrazoizkoak, sentimenduzkoak baino, eta ez zuten izan indarrik konpondu ezinezkoa saihesteko. Inork bazkaldu baino lehen arteak eraitsita zeuden.

Argazkia Lendoñobeitiko Elizalde auzoan aterata dago, paisaia aldatzear zegoen une berean. Mozketa ikustera hurbildu ziren guztiak arteak baino guztiz gazteagoak ziren, eta gehienek zeukaten arteekiko lokarri afektiboren bat. Maistra heldu berria zenez, zuhaitzekiko sentimendurik ez zeukan bakarra zen. Herriko guztientzat arteak ‘betikoak’ ziren. Zerbaiten betikotasuna nola bukatzen den ikusteak zirrara ikaragarria sortu behar du; agian horregatik gehienek arreta jartzen zuten ‘betikoa’ izan zen eta erortzear zegoen zuhaitzean. Lehen planoan, bolatokiaren horma ondoan, maistra ikusten da, eta bere aurrean Rosario, nire ama; gainean beste artearen adar bat azaltzen da. Urrunago agertzen den taldeko bik ez dute enbor zaharrean arreta jartzen: mutil batek argazkilariari begiratzen dio; alkateak ere ez du ebaketaren jarduera jarraitzen, maistrarengan ditu begiak. Egun haietan ‘betikotasuna’, ‘mugagabetasuna’ eta ‘osotasun kosmikoa’  maistran ikusten zituen alkateak.

Inork ez zuen Lendoñobeitiko Batzarra deitu arteak botatzeko erabakia har zezakeen; sasi bilera ez zen bidezkoa eta herriko akta liburuetan ez zen ezer idatzi. Arteak ia bost urte geratu ziren lekuan botata, ukiezinak balira, edo ezer gertatu ez balitz. Azkenean, 1973ko irailean, egurra egin zuten enborrekin; Lendoñobeitiko La Dehesa-ko pagadian  lanera etorritako Orozkoko Rufino eta Magdaleno egurgileek egin zuten. Baina egurra ez zen erabili neguan eskola berotzeko. 1972an, ikasturtea jadanik hasita, betirako itxi zen Lendoñobeitiko eskola.

Sarak, ikuspegi hobeagoak nahi zituen maistrak, ez zuen itxiera hori ikusi. Ikasturte bakar bat egon zen Lendoñobeitin; maisu-maistren lekualdatze-lehiaketan hartu zuen parte eta alde egin zuen. Ez dakigu joatean atzera begiratu zuen; ez dakigu herri erosoago batera joan zen. Badakigu herriminak ez diola itzularazi.

Ondoren etorri zen maistra azkena izan zen Lendoñobeitiko eskolan; hori bai, sarritan itzultzen da herrira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide