UKML. Lendoñobeiti. Fotograma bakar bateko dokumentala

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo 2015ko abu. 23a, 11:17

Esaten ohi da argazkiek une bat izozten dutela. Ez da egia; papera, digitala edo zeinahi dela euskarria, argazkiek fisikoki islatutako momentua baino guztiz gehiago  ikustarazten digute; gutxienez begiratzen duten begiek lokarriren bat badaukate irudiarekin. Hori gertatzen da  Uria auzoko emakume batek berraurkitutako argazki honekin: berrogeita hamar urtetik gorako lendoñobeitiar guztiek mende eta erdiko historia ikus dezakete hemen, edo gehiagokoa; gazteagoek ere, transmisioa (ahozkoa batez ere) eteten ez bada.

Argazki hau Lendoñobeitiko Uria auzotik aterata dago. Hurbilen ikusten dena Elizalde auzoa da eta atzerago, eskuinaldean, Poza auzoa; urrunago, Tologorri azpian, Lendoñogoiti. Zenbat urte ditu argazki honek? Jakiteko metodo fidagarriagoak egongo dira, baina nik irudian ikusten diren eta bizi eta entzun ditudan gauzetan jarriko dut arreta erantzunera hurbiltzeko.

Etxeak

Begiratu batean gaurko Lendoño ikusten dugu, baina ezkerreko etxeak berehala harritzen gaitu herria ezagutzen dugunak. Etxe hori apaiz-etxea zen, baina gaur ez dago. Gerra Zibilean utzik zegoen; bolborategia bihurtu zuten eta erre egin zen. Ondo ikusten da etxe ondoko baratzea horma batez inguratuta; guretzat Apaiz-baratzea izan zen Lur-biltzea (Concentración parcelaria) 1984an heldu arte. Desagertu zen beste etxea Pozan ikusten den lehenengoa da: Chaves etxea. Nire amak 1925ean jaio zen eta ez zuen ezagutu, baina etxe aurrean ikusten den hesitutako landari Campo Chaves deitzen zion.

Elizalden ikusten den beste baserri bat guztiz hondatu zen, eta gaur egun leku berean etxe berri bat eraiki dute; argazkian hurbilen ikusten den baserriaren atzean dagoena da; nola edo hala herriko silueta mantendu da hor.

Guretzat eskola izan zen dorretxea

Elizari itsatsita dagoen eraikina eskola izan zen gaurko berrogeita hamar urtetik gorako lendoñobeitiar guztientzat. Antzinako dorretxea da, XIII. edo XIV. mendean altxatuta. Historian zehar dorretxea, santutxo edo kapera, herri batzarraren egoitza eta eskola izan da; azken funtzio hau 1825 eta 1972 bitartean bete zuen. 2003an dorretxearen zaharberritzearen inaugurazioa izan zen; gaur, birgaitze eder baten ondoren,  Lendoñobeitiko Batzarraren egoitza da berriro.

Dorretxearen eskuinaldean eremu txiki bat  ikusten da horma batez inguratuta, jadanik desagertuta ere; antzinako hilerria zen. Gure eskola garaian ez zegoen aterik sartzeko, baina askotan egiten genuen salto barrura ezkutaketan ibiltzen ginenean. Barruan hezurrak aurkitzekotan ukitzen genituen; noizbait entzunda geneukan hilen hezurrak igurtziz gero urrea bihurtzen zirela. Nik dakidanez garai hartan eskolan ibili ginenen artean aberatsik ez dago, ez bada urteetan.

Ogi-labeak

Elizalde auzoan lau ogi-labe ikusten dira argazkian,  etxeen ondoan edo baserriei itsatsita dauden teilatudun eraikin txikiak dira; gaur ez da bat ere geratzen. Apaiz-etxearena eliza eta etxearen artean dago; Lendoñobeitin bizi diren zaharrenek (90 urte baino gehiago dituzte) ez dute ezagutu. Beste hirurak baserriak  zaharberritzeekin batera desagertu ziren; 1980ko hamarkadaraino guztiak desagertuak ziren. Erabili zen azkena eskuineko baserriarena izan zen. Baserri horretan hiru eraikin ikusten dira: etxe handienarena, ondoan duen beste etxe txikiarena ―etxe zaharra―, eta eskuinaldean beste eraikin guztiz txikiagoa; azken hau zen ogi-labea. Lendoñobeitin, eta baserri horretan, 1972an jaso zen azken gari-uzta, beraz, urte horretan eta hurrengoan  baino gehiagorik ez zen erabili ogi-labea.

Argazkian hurbilen ikusten dugun baserriaren atzean beste bat dago, honek eskuinaldean du labea. Labe honek ogia egiteko funtzioaz gain eskola izatearena bete zuen garai batean. Lendoñoko gaurko biztanleek ez dute gogoratzen, baina nire amak esaten zuen berak ezagutu ez zuen maestro faneguero batek eskola eman zuela eraikin horretan. Maisu faneguero-en soldata ez zuen gobernuak ordaintzen, herriek edo herriko auzokoek ordaintzen omen zuten.

Elizalde auzoan desagertu diren beste bi elementu ikus daitezke. Eskuineko baserri aurrean hormaz eta harlauzez itxita ikusten den eremu txikiak Erlategia zuen izena, nahiz eta nire adinekoek erleak inoiz ez ikusi bertan. Beste eremua Maisuaren ortua da; apaiz-etxearen baratzaren azpian dago, eta horma zati bat besterik ez da ikusten argazkian. Gaur bolatokia eta herriko “txokoa” daude hortxe, eraiki berriak.

Zuhaitzak

Aditasuna jarriko dut hiru zuhaitzetan; horietako bi argazkian daude, hirugarrena nire oroimenean. Lehenengo biak eliza aurrean ikusten dira, bat kanpandorrearen hurbil eta bestea ia estalita hurbilen daukagun baserriagatik; bien artean bolatoki bat zegoen. Arteak dira, nahiko gazteak. XX. mendeko seigarren hamarkadako lehenengo urteetan, eskolara joaten hasi nintzenean, ezkerrekoa ezkutaleku modura erabiltzen genuen. Enborrak oso zaharra ematen zuen jada, eta inguruaren zati handi batean utzik zegoen; bertan ezkutatzen ziren batzuk.  Beste asko goiko adarretara igotzen ginen. Denbora hartan adarrak hilerri zaharreraino heltzen ziren. 1968an maistra berri bat heldu zen Lendoñora. Arteek eskolako sukaldeko leihoa (lehen aipatutako hilerri zaharraren gainean) ezkutuan uzten zuten, eta maistrak ikuspegi hobeagoak nahi zituen.  Denbora hartako alkatea ez zen gaztea, ez zeukan jada eskola-adineko seme-alabarik, baina maitabera zen, eta maistra harrikoa egiten duenean ondo ikusteko arteak moztea erabaki zuen.

Hirugarren zuhaitza intxaurrondo bat zen. Argazkian ez da ikusten, eta gaur arrastorik ez da geratzen. Elizalde auzoan, eskuineko baserri aurrean zegoen. Baina argazkia atera zuten garaian ez zegoen oraindik landatuta. Gero hazi zen zaharra bihurtzeraino. 1969an edo 1970ean ebaki zuten, eta bere sustraiekin Laudioko bolatoki batentzat bola handi bat egin zuten.

Arteek mende batzuk bizi daitezke, intxaurrondoek ere mendeak zenbatu ditzakete. Datu hauekin, eta gorago emandako guztiekin, hurbil gaitezke argazkiaren adinera?

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide