Gaur Montferrier herritik Montségurreko gaztelura igo gara oinez (Ariège, Pirinioak). Basoak freskura eta babesa eman dizkigu; besteengandik ezkutuan ibiltzeko beharra izango bagintu, eguraldi lainotsuak zuhurtasuna oparituko liguke; guk, zorionez, ez dugu zuhurtasunez ibili behar.
Montségur 1.207 metrotan bukatzen den “pog” bat da (okzitanoan, harkaitz isolaturik). Tontorrean gaztelu bat dago, eta XIII. mendearen hasieran menderaezina ematen zuen. Baina interes handiak elkartzen direnean ez dago gotorleku menderaezinik. Elizaren aldetik Inocencio III.ak gurutzada agindu zuen kataroen kontra; Frantziako erresumak gustura hartu zuen beso sekularraren ardura. Lehenengoak ezin zuen onartu kataroen doktrina; bigarrenak bere boterea ezarri eta finkatu nahi zuen hegoaldeko lurralde hauetan.
Gurutzadan Montségur kataro elizaren egoitza bihurtu zen, eta faydits askorentzat aterpe (faydits: Gurutzadak lurraz gabetutako jaunak). 600 pertsona inguru bizi ziren leku malkartsu eta estu honetan; gazteluaren barrualde osoa argazkian ikus daiteke. 1242ko maiatzaren 28an, handik atera zen faydits komando bat Avignoneten hamaika inkisidore hiltzeko. Aita Santuaren amorruak eta Frantziako erresumaren interesek ezin zuten onartu halako ausardia, eta urte bat beranduago Montségur setiatu zuten; erresistentzia gune harekin betirako bukatu nahi zuten. Hamar hilabete behar zituzten menperatzeko, negu gogor gogorrarekin. Euskaldun talde bat omen zen goiko zabalgune txiki batean katapulta bat jartzea lortu zutena. Ondoren setioa denbora gutxitan bukatu zen.
Gazteluaren jaunak 1244ko martxoaren 2an errenditu zen bere goarnizio soldaduen bizitza errespetatzearen truke. Hamabost eguneko tregoa lortu zuen ere. Kataroei bi aukera eman zizkioten: beren fedeari publikoki uko egin eta libre alde egitea, edo sutean hil.
Agian kataro bat baino gehiago gu bezala heldu zen Montségurrera: basoaren freskura eta babesarekin, eta, beraiek bai, besteengandik ezkutuan lainoen eske. Baina Montségurren baldin bazeuden gaztelua errenditu zenean, ez zuten atzera eman. Bertan zeuden kataro guztiek, hamabost egun pentsatu eta gero, sutea nahiago zuten beren fedeari uko egin baino. 1244ko martxoaren 16an Inkisizioak 220 kataro hil zituen sutean. Hauek ez dira martiriak?