Frantziako Aita Santuen hiria eta haien jauregia ikustera joan ginen, eta heldu baino lehen Avignongo jaialdiak harrapatu gintuen. Troyes hiritik etortzen ginen, eta ia 700 km egin ondoren leku bat atsedena hartzeko besterik ez genuen nahi; baina jaialdia zela eta, kanpinetan ez zegoen lekurik, eta 14 kilometrora joan izan behar genuen leku bat aurkitzeko. Jaialdirako izan genuen lehenengo aburua hau izan zen: “hau, guretzat, eragozpena besterik ez da”. Ostirala zen, uztailaren 23a, eta jaialdia 26an bukatzen zen; beraz, azken asteburua.
Hurrengo egunean denbora izan behar genuen aparkalekua bilatzeko, eta hiriaren harresien barrualdean egoterako eguzkiak ondo jotzen zuen. Deigarria egin zitzaigun lehenengo gauza leku guztietan zintzilikatutako kartelak izan ziren: hormetan, trafiko-seinaletan, zoruko pibotetan, ate gehienetan … Hiria papereztatuta zegoen, baina ez zen gutxirako.
Aurten Avignongo 50. jaialdia izan da, eta uztailaren 4tik 26ra 1.336 emanaldi eskaintzeko, 8.000 artistek lan egin dute 1.070 taldetan. Ikuskizun zerrenda luzea da: 998 antzerki eta kafe-antzerki ikuskizunak; 90 dantzakoak; 125 musikakoak; 42 zirku-erakustaldiak; 28 ipuin-kontalari eta poesia emanaldiak; 53 mimo eta txotxongilokoak. Egitarau erraldoi honetatik kanpo amateur asko egon dira ere bere trebetasunak kalean eskaintzen(bakarka zein taldeka).
Artista ugari ikusi genuen egun osoan ikuskizunen berri ematen; batzuk foileto txikiak edo postalak eskaintzen azalpenik eman gabe; beste askok (presaka, denbora ez galtzeko) azaltzen zituzten beren ikuskizunaren laburpenak, edo balioak, edo esanahiak …; gutxi batzuk taldean antzezten zituzten beren emanaldien berri. Guk kanpotik ikusi genuen jaialdia,baina giro ikusgarri eta erakargarri batean murgilduta. Egun osoan jaso genituen foiletoak eta postalak, eta hauekin kontaezinezko ikuskizunak ikusteko gonbitak; argazkian kopuru txiki bat ikusten da.
Ez dugu uste Frantziako Aita Santuen jauregia ikusteagatik Avignonera itzuliko garenik. Baina, agian, Avignongo jaialdia barrutik bizitzeko itzuliko gara.