Kronika honetan argazkia ez da testuari laguntzeko; testua da argazkiaren morroi. Hilobi bakun horren azpian best-seller izan liteke eleberri luze bat irakur daiteke. Hilobi hau Normandian dago, Caen hirian; eta bertan dagoen hezurrak hamaika ezbehar pairatu ditu bederatzi mendetan zehar.
Normandiako kostak herri, itsaslabar eta hondartza ederrak eskaintzen dizkie bisitariei; horietako leku askok lotura estua daukate hain urrun ikusten ez dugun Munduko II gerrarekin. Hirietako ondare historiko ugariak erakargarriak dira ere turismoarentzat, eta ez dira gutxi beste gerrekin lotzen direnak. Ezin da, adibidez, Normandiara etorri eta Bayeux-go tapiza ez ikusi. Oihal horretan gerra baten historia kontatzen da, eta hara non!, kronika honen argazkiko hilobia gerra horren protagonista nagusiarena da: Gillermo Konkistatzailerena. Baina hilobiak gordetzen duen historia ez da Gillermorena, bere gorpuarena baizik.
Gillermok, Normandiako dukea eta Ingalaterrako erregea, Caen hirian zeukan bere egoitza. 60 urte zituenean, kanpaina militar batean hartu zuen parte eta zaldi istripu bat izan zuen; Rouen hirian sei aste egon zen hilzorian, eta 1087ko irailaren 9an hil zen. Gillermoren gorpua gantzutu zuten eta behi baten larruazalean sartu Caenera eramateko, Esteban Deunaren abadian (Gizonezkoen abadian, Gillermo beraren aginduz eginda) lurperatzeko. Hilotza Sena ibaitik itsasoraino, eta gero Orne ibaian gora Caeneko porturaino eraman zuten. Ehorzketa prozesio jendetsua abadiara abiatzen zenean sute bat hasi zen hirian, eta klero sekularra eta laikoak azkar asko joan ziren sutea amatatzera, Gillermoren zerraldoa abadiako monjeekin utziz.
Gillermo harrizko hilkutxa batean hobiratu nahi zuten, baina prest zeukatena txikiegia suertatu zen eta, barruan sartzeko ahaleginekin, behi larruazala apurtu zuten; barrutik sortu zen usain higuingarriak Esteban Deunaren abadiako eliza handia kirastu zuen eta zeremonia anabasan bukatu zen.
Bere semea eta Ingalaterrako erresumaren oinordekoa Gillermo Gorriak, hilobi eder bat eraikitzea agindu zuen; zilarrez, urrez eta harribitxiz txertatuta egin omen zuten. Askoz beranduago mausoleo gainean Gillermoren estatua etzanda jarri zuten.
Ia 500 urte beranduago (1563) Caengo biztanle talde batek, abadiari ordaindu behar zituzten zergaz gogaituta, indarrez sartu ziren elizan. Erasotzaileek uste zuten Gillermo bere bitxiekin lurperatuta izan zela eta sarkofagoa ireki zuten. Aurkitu zituzten hezurrak botatzera zihoazenean, hiriko burges batek konbentzitu zien abadiako monje baten ardurapean uztea hezur guztiak bat izan ezik, ezkerreko izterrezurra; azken hezur hau beste gizon baten ardurapean utzi zuten. Hilabete batzuk beranduago mertzenario batzuk monasterioa hartu zuten eta monjek ihes egin zuten, eta Gillermoren hezurdura desagertu zen, gizon baten eskuetan utzitako izterrezurra izan ezik.
XVII. mendean (1642) berregin zuten Gillermoren mausoleoa. Beste hilobi xumeago bat egin zuten eta bertan sartu zuten geratzen zen Gillermoren hezur bakarra. Baina Gillermoren gorpuzkinek ez zuten oraindik atsedena aurkitu. Ehun urte beranduago Gizonezkoen abadia kudeatzen zuten monjeek baimena eskatu zioten Luis XV erregeari hilobia lekutik aldatzeko, oztopo bat omen zela zeremonia liturgikoak burutzeko. Aldatu zuten koro aldera, bai, baina txikitu ere, eta lurraren arrasean jarri zuten harlauza.
Frantses Iraultzan abadiak ez zuen kalterik pairatu, baina Gillermoren hilobiko harlauza apurtu zen, eta 1802an gaur ikusten duguna jarri zuten. Dena dela Gillermoren eskerreko izterrezurrarentzat bakea ez zen heldu oraindik.
1983an berriro atera zituzten hilobitik Ingalaterrako erregearen gorpuzkinak. Ematen du turistek ezin zutela Ingalaterrako Konkistatzailearen hilobia errez aurkitzen lurraren arrasean egoteagatik; hain gizaki ospetsuak mausoleo ikusgarri bat behar omen du. Hilobia lurzorutik nabarmentzeko obra txiki bat egin zuten; argazkian antzematen da egin zutena. Berritze lanak aprobetxatuz berunezko kutxa batean zegoen izterrezurra atera eta aztertu zuten. Ematen du hezur hori Guillermoarena dela. Bakean orain?
Harlauzaren testuak esaten du: “Hemen datza Gillermo Konkistatzaile garaitezina, Normandiako Dukea eta Ingalaterrako Erregea, etxe honen fundatzailea. 1087 urtean hil zen”. Dakiguna jakinda, harlauzaren testua ezin daiteke best-seller baten hasiera izan?