68,30 m luzerako eta 50 cm zabalerako liho oihala; artilezko hari kontaezinezko kilometroak; hiru landare-koloratzaile hamar kolore ezberdinak lortzeko … Guzti hau eta esanezinezko ahaleginak egin behar zituzten artistek eta artisauek Bayeux-go tapiza ez den tapiza egiteko. Eta jakin gabe historiako lehenengo komikia egiten ari zirela.
Tapiza deitzen diote, baina liho oihal erraldoi brodatua da. Ia 70 metrotan, 58 eszenatan banatuta, 1066 urtean Gilermo konkistatzaileak bururatuko Ingalaterraren konkista kontatzen da. Aparteko artelan erromanikoa da. Irudiek, koloreek eta konposizioek izugarrizko bizitasuna eta errealismoa ematen dizkiete irudikatzen diren pertsonaiei eta gertaerei.
Ikusleok pertsonaiak identifikatzeko ere klabe ugari aurkitzen ditugu artelan honetan. Adibide bat aipatzekotan argazkian ikusten dena adierazgarria da. Irudi hau 50. eszenaren zati bat da; bertan gudara joaten diren bi zaldun ikusten ditugu. Atzekoak ez du ezpatarik, ez aizkorarik, ez lantzarik eramaten; borra bat eramaten du. Eta horregatik dakigu nor den! Odon apezpikua da, Gilermoren anaiordea. Elizako prelatuek ez zeukaten erailtzeko eskubiderik, bai, ordea, kolpatzeko edo zauritzeko eskubidea. Horregatik eramaten du borra, kristau ona izaten jarraitzeko. Hori bai dela zintzotasuna eta hurkoentzako amodioa!