Bretainiara bidaiatu garen guztietan Normandiako leku bat bisitatu dugu: Mont Saint Michel. Mendi eta uharte hau Bretainiakoa izan zitekeen Couesnon ibaiak bere ibilbidea aldatu ez balu. Ibai honek bi lurraldeen arteko mugaren azken kilometroak marrazten ditu; lehen Mont Saint Michel mendiaren ekialdean omen zeukan itsasoratzeko bidea; baina noizbait aldatu zuen eta orain mendebaldean bukatzen du bere ibilbidea. Horregatik “Miraria” izena duen mendiak Normandian dago eta ez Bretainian.
Berriro itzuli gara lurralde honetara, orain gainontzeko Normandia ezagutzeko; eta berriro erromes izan ginen atzo Mont Saint Michelen. Gurea ez da fededun erromesaldia, baina turistak askotan, ez gara oraingo erromesak? Gehienok ez dugu geroko balizko bizitzarako salbazioa bilatzen, baina interesek, propagandek eta ahoz ahoko informazioek ezinbestekoak bihurtzen dituzte leku asko, eta ahal dugun bezain pronto hara joaten gara saldoan. Gaur Mont Saint Michelera fededun erromesak ez dira heltzen, edo gutxienez, ez dira nabarmentzen. Turistak, aldiz, milaka heltzen dira.
Erromesei ziria sartzea edo iruzurra egitea oso ohitura zaharra da, eta indarrean jarraitzen du. Mont Saint Michel hirian sartzean aurkitzen den lehenetariko negozioa jatetxe bat da: “La Mère Poulard”; ezin hobeak omen ziren izandako emakume horrek egiten zituen tortillak. Egun errezeta eta egiteko era berberekin egindakoak eskaintzen dizkiete erromes guztiei: frantses-tortilla hanpatuak …, 30 eurotan! Agian argazkian ikusten den sukalde tresneriak, sukaldariaren eta laguntzailearen prestutasunak eta arrautzen irabiatze erritmiko eta zaratatsuak balio erantsi handia ematen diote tortillari.
Kanpinean bueltan, euro batengatik gutxi gora behera, bina arrautzako bi frantses-tortilla egin genituen afaltzeko. Ez genuen kobrezko ontzirik arrautzak irabiatzeko, sua ez zen egurrezkoa, eta sukaldariak ez zuen txano luze eta zuria jantzi. Harritzekoa, baina gozo-gozo zeuden.