Ré uhartera heldu ginen atzo. Saint Martin de Ré hiriburuko udal kanpinean hartu genuen ostatu. Hiria eta kanpina ezagunak ziren guretzat, 2014ko Pazko garizumako astean hemen egon ginen eta. Oraingo geldialdia gau batekoa besterik ez zen izango. Kanpinean instalatu eta segituan portura jaitsi ginen, eta garagardo bat gozatu ondoren hiriak inguratzen duten fortifikazioetatik ibilbide labur bat egin genuen; Vauban izeneko batek birmoldatu zituen eta egoera ezin hobean ikusten dira. Gu portutik mendebaldera ibili ginen eta ez genuen gotorlekua ikusi, ekialdean dagoelako.
Kanpinera bueltan tenperatura eta giro atsegina zegoen, eta iluntzeko freskuran daukagun bidaia-gida batean hasi nintzen irakurtzen. Hau ezustea! Ekialderantz ibili behar genuen gotorleku nagusia ikusteko! Gotorleku hau presondegia izan da denbora luzean, eta zulo honetatik ateratzen ziren Guayanako Deabru uhartean edo Kaledonia Berrian gatibu lanetara kondenatuta zeuden “bagnards”. Inor ez omen zen itzuli.
Hau jakin ondoren erabakia hartu genuen: “Ikusi behar dugu nondik ateratzen ziren “bagnards” heriozko bidaiara eramaten zituztenean”. Eta gaur hemen geratu gara.
Presondegia bihurtutako gotorlekuaren barrualdea ezin da ikusi; bere historia inork ez digu kontatu; bertan gertatutako bidegabekerien berri inork ez digu eman. Baina “bagnard-ek” ikusten zuten Frantziako azken zatitxoa argazkian ikus daiteke.