Urduñan ahaleginak egin ditugu Irrien Lagunak-en ikuskizun bat gure herrira ekartzeko, eta saria lortu dugu.
Lorpen hau Urduñako boto-emaileei esker lortu denez, gaur, goizeko 10:30ean, Urduñako umeek Irrien-Lagunak-en “Euskararen taupadak” ikuskizuna ikusteko aukera izan dute.
Foru enparantzan, MARTINBERTSO eta TIRITATSO bikoteari esker, Urduñako haurrek euskaratik eta euskaraz jolasteko aukera izan dute, eta irria izan da eskainitako ikuskizunean ahotik kendu ezin duten keinua!
Aintzinako Andra Maria ikastetxeko LHko 2. mailako ikasleek 7. Elkar ilustrazio eta ipuinen lehiaketara aurkeztu ziren. Beren kategorian lortu zitzaketen hiru saritik bi Urduñaratu dituzte: publikoarena eta epaimahaiarena. Ia 6.000 ilustrazio aurkeztu ziren lehiaketara, eta Urduñako Kepa Alavarena epaimahaiaren lehenengo saria lortu zuen bere kategorian.
Publikoaren sarirako epaimahaiaren araberako 30 ilustrazio onenak Irrien Lagunak-en web orrian zintzilikatu ziren bozkatuak izateko. Keparena suertatu zen bozkatuena 4.745 botoekin, bigarrenari 1.510 aldea kentzen. Saria Irrien Lagunak-en ikuskizuna izan da.