Urduñako aska eta enparantza

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo 2017ko mar. 30a, 15:13

Antzinako Andra Mari ikastetxeko ikasleak Urduñako Foru plazan.

Urduñako Antzinako Andra Mari ikastetxeko LHko 4. mailako BERRIKARIEK, "ENPARANTZAKO ASKA"; aukeratu dute lantxo bat egiteko. Informazioa bilatu dute, eta gero informazioan ikusitakoa egiaztatzeko, enparantzaren inguruan txango bat egin dute hiria antzina nolakoa zen irudikatzeko. Azkenik irakasleei elkarrizketa hau egin diete.

Entzun elkarrizketa hemen: 

http://www.ivoox.com/urdunako-aska-eta-enparantza-audios-mp3_rf_17746107_1.html 

ENPARANTZAKO ASKA

Urduñako Antziñako Andra Mari ikastetxeko LHko 4. mailako BERRIKARIAK gara: Paula, Alvaro, Maria eta Julen.

Jakin nahi genuen noiztik dauden enparantzan gaurko aska eta iturria. Ikertzen ari ginen eta historiaren bideak atzera eta atzera eramaten gintuen datuz datu.

Gu Lehen Hezkuntzako 4. mailakoak gara, eta oraindik Historia gutxi ikasi dugu! Baina Martak eta Jose Marik lagundu digute gaia aukeratzen; gero informazioa bilatu dugu, eta azkenik enparantzatik txango bat egin dugu antzina nolakoa zen irudikatzeko.

Berrikariak (Bk)- Kaixo Marta; kaixo Jose Mari. Zuek proposatutako gaien artean enparantzako aska zegoen. Zergatik iruditu zitzaizuen interesgarria?

Marta García Setien (M.G.S.)- Urduñako enparantza berezia da eta beti izan da elkargune integratzailea herritarrentzat. Aska enparantzako osagai inportantea da, eta hainbat funtzio bete ditu historian zehar. Gaur egun ez da erabiltzen ur hornidurarako, baina enparantzako apaingarria da, eta olgetarako erabiltzen da ere, jaietan, adibidez.

(Bk)- Orain enparantzara joango gara. Urduñako enparantza handia da, baina irakurri dugu lehen guztiz handiagoa zela. Zergatik txikitu zuten?

Jose Mari Gutiérrez (J.M.G.)- Urduñako Aduana eraiki baino lehen enparantzak 1.600 m2 gehiago zeuzkan. Egin dugun txangoan argi ikusi duzue noraino heltzen zen, gutxi gora behera arkupeak heltzen direneraino; Iparraldean Donibane kaleraino, eta Hegoaldean Kantarranas kaleraino. Aduana orain dela 225 urte bukatu zuten, 1792an. Dakizuenez Urduñako gazteluaren harriak erabili zituzten egiteko.

(Bk)- Lehen zertarako behar zuten hain enparantza handia?

(M.G.S.)- Aduanarena izan ezik, Urduñako enparantzaren oinarrizko egitura ez da aldatu azken bost mendeetan. Funtzio ugari izan ditu; izan dituen funtzio askotarako lekua beharrezkoa da, adibidez ganadu-feria izateko.

Izan dituen beste funtzioak: azokak egin dira bertan; denda gehienak inguruan egon dira, arkupetan; jaiak ospatzeko lekua izan da; zezen plaza izan da ere; eta askarekin lotuta: herriko ur hornikuntzarako balio izan du denbora luzez.

(Bk)- Enparantza beti egon da hiriaren erdian?

(J.M.G.)- Ez. 1229an fundatu zen Urduñako hiribildua. Hiru kale besterik ez zituen: Harategi, Artekale eta Burdin. Urduñako hiribildua modu planifikatu batean zabaldu zen gero, eta enparantza erdian geratu zen. Erdi Aroko merkatu tokiak herrien kanpoaldean zeuden, harresietatik kanpo, Urduñakoa ere bai, baina hiria handitzen joan zen eta erdian geratu zen.

(Bk)- Beti egon da iturri bat enparantzan?

(M.G.S.)- Ur hornikuntza zerbitzu publikoa izan da orain dela asko. Enparantzara ura ekartzeko ubidea 1499ko ordenantzetan aipatzen da, eta seguruenik ubidea zaharragoa zen.

Berrikariak (Bk). Ez zegoen urik etxeetan?

(J.M.G.) XVII. mendean ez zegoen oraindik etxe-ur hornikuntzarik, ez zegoen urik etxeetan. Herritarrek hiriko iturrietatik hartu behar zuten ura. Abereek ere handik edaten zuten.

Enparantzan bi iturri omen ziren:

― bat auzokoek ura hartzeko; iturri horrek abereentzako aska bazuen ere.

― beste bat –fuente del Pilar de San Juan– gobadak egiteko erabiltzen zen (arropa garbitzeko).

(Bk). Nondik ekartzen zuten ura enparantzaraino? Eta nola?

 (J.M.G.) Zorake iturritik ekartzen zuten. Badakizue non zegoen? Gaur La Teta iturria esaten diogu.Aldatu al diote izena? Txorrota inguruan duen formagatik, agian? Ez dakit, baina hor zegoen Zorake iturria.

Ubide bat zegoen Zorake iturritik enparantzaraino, eta enparantzatik beste lekuetaraino joaten zen. 1678an udaletxeak berreraiki behar izan zuen Zorake iturria; eta ulertzeko zer garrantzitsua zen ur hornikuntzarako oso datu harrigarria daukagu: urte horretan udaletxeak gastatu zuen diruagatik, laurden bat baino gehiago Zorake iturria berreraikitzeko izan zen.

(Bk). Noiz eraiki ziren gaurko iturria eta aska?

(M.G.S.) Gaurko iturriak 155 urte ditu, 1862an egin zuten eta. Aurrekoak 1744an eraiki zuten, beraz gutxiago iraun zuen: 118 urte. Baina iturri monumental bat zen ere; oraingoak bezala harrizko aska eta zortzi kainu edo iturri zituen. Eta haur baten irudia edo estatuarekin, eta hiriko armarriekin errematatuta zegoen.

(J.M.G.) Hiriak ahalegin handiak egin zituen beti enparantzako iturrian eta beste iturrietan ura izateko. Gainera populazioa handitzen zen heinean beharrak handitzen ziren ere. Aurreko iturria eraiki zutenean 1.300 biztanle baino gutxiago zeuzkan Urduñak (1768an: 1.324 biztanle); gaurko iturria egin zutenean 2.700 gutxi gora behera (1857an: 2.691 biztanle).

(M.G.S.) Gaur egun 4.000 biztanle inguru ditu Urduñak; gaurko beharrak betetzeko enparantzako iturriak ez du balio. Baina enparantza edertzeko, olgetarako eta hiriaren historia guregana ekartzeko balio du.

Agurra

Bk. Eskerrik asko. Elkarrizketa honek lehen ikasitakoa eta txango batean ikusi genuena birpasatzeko balio digu.

Eta gehiago jakiteko gogo handiak sartu zaizkigu!

Bukatu baino lehen gauza bat gogoratu behar dugu: egin dugun lana burutzeko Urduñako Adratan elkarteko kide batzuen laguntza izan dugu; eta informazio gehiena Jose Ignacio Salazar Arechalderen “Urbanismo e historia, La ciudad de Orduña” liburutik hartu dugu.

Entzuleak, badakizue: herriko ondasunen babesik onena: ezagutza eta estimua.

Gora Urduña, eta hurrengo arte!!!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide