Nire etxetik hurbil lau ikastetxe daude; gaur egun guztietan hezkuntza eredu euskaldunetan irakasten da. Askotan etxe azpiko pasabidean ikasleak topatzen ditut, beste ikaskideak itxaroten edo beraien arteko solasaldietan; gaztelera da gehien entzuten dudana, eta auzo lotsa moduko bat sentitzen dut. Sentitzen dudan atsekabe hori ez da beraiek gazteleraz egiteagatik, ez; azken finean nire burua ikusten dut beraiengan: euskalduna izanik ahal dudan guztietan euskara ez egiteagatik.
Uste dut nire belaunaldiko askok ez dugula mantendu euskara ikastera eraman gintuen militantziak, eta lehengo jarrera lausotu egin da agian (asko izan ordez ni bakarrik baldin banaiz guztiz hobe).
Kontzientzia gaizto hori adin gutxiko etorkin batzuk entzutean berpiztu zitzaidan. Laudioko Ostegieta plaza zeharkatzen ari nintzen eta haur-ahots alaiek nire bakardadetik atera ninduten: hiruzpalau ikasle etorkinek enparantzako bazter guztiak lotzen zituzten beraien jolas eta lasterketekin. Magrebekoak ziren haurrak, eta bi emakume magrebtarren zaintzapean Lamuza eskolara joaten ziren. Emakumeek ezagutzen ez dudan hizkuntzaz hitz egiten zuten; haurrek euskara hutsez, eta denbora osoan. Nork bihurtu ditu euskaldunak? Nik argi daukat: gaurko Lamuza eskolak.
Ikusi eta entzun dudanarekin ez dut estatistika bat egingo, baina galdera bat egin dezaket; euskara bada euskaldunak egiten gaituena, lehen egunean kalean elkarrekin topo egin genuen artean, nortzuk ziren euskaldunago, bertokoak edo etorkinak?
Euskara “gure territorio libre bakarra” baldin bada, etorkinek libreago egin gaitzakete.