Lian Sacor: Urduñako zirku artista

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo 2017ko mai. 19a, 08:46

Urduñako Andra Maria ikastetxeko ikasle talde batek (LH 5. mailakoak) JULIAN SALAZAR CORCUERAri buruzko solasaldia grabatu dute. Gizon hori Urduñako zirku-artista famatua izan zen. Ikerrek, Ekaitzek, Iratik, Unaki, Sylviak, Eiderrek, Danielak eta Maríak esango digute zer aurkitu duten pertsonaia horri buruz.

 

Solasaldia hemen entzun dezakezue

LIANSACOR

 (JM).- Oraingo honetan, LHko 5. mailako berrikariak taldeak, urduñar famatua izan dute abiapuntu lantxoa egiteko. Gaurko saiorako solasaldia antolatu dugu, eta Iker, Ekaitz, Irati, Unai, Sylvia, Eider, Daniela eta María gazteek esango digute zer aurkitu duten pertsonaia horri buruz.

Julian Salazar Corcuera da pertsonaia. Zirku artista oso famatua izan zen, batez ere, gerra zibilaren ostean. Gaur egun, oraindik,  urduñar askok gogoratzen dute, baina ez izen horrekin.

 (JM).- Iker, esango al diguzu zer izenarekin aritu zen zirkuan gizon hori?

Iker Castillo.- Uste dut Liansacor izena erabili zuela denbora gehien. Izen entzutetsua nahi zuen; horretarako izenaren azken silaba hartu, eta bi abizenen lehenengoa, eta Liansacor sortu zen.

 (JM).- Eider, zuk PowerPointa prestatu duzu eta izen gehiago aipatzen dituzu. Zenbat izen izan zituen?

Eider Montejo.- Batzuk izan zituen. 1987an egin zioten elkarrizketa batean izen batzuk aipatzen ditu berak: Liansacor, “El Hombre Tractor”, Nailus I., Torso de Bisonte… Uste dut gehien erabili zituenak Liansacor eta Torso de Bisonte izan zirela.

 (JM).- Goazen hasierara. Sylvia, edo María, noiz jaio zen, eta non?

Sylvia Manso.- Ez dugu aurkitu jaiotzaren data zuzena. Baina 1987an elkarrizketa egin zioten, eta hor esaten da 82 urte zituela. Beraz 1903an jaio zen, behar bada.

Maria Viguri.- Bai. Eta non jaio? Guk pentsatzen genuen Harategi kalean jaio zela; kalearen bukaeran, Ortés de Velasco jauregian, Salazarren armarria dagoelako. Baina ez;  San Juan kalean jaio eta bizi zen.

 (JM).- Behar bada zuek jolasten duzuen lekuetan jolastu zuen Liansacorrrek ere. Irati, Unai, badakizue nolako familia zen berea?

Unai Garcia.- Hamar anai-arreba ziren familian. Berak pentsatzen zuen hainbeste anai-arreben artean zerbait berezia egin behar zuela. Bere aitak apaiza izan nahi zuen familian, eta seminariora bidali zuen Liansacor.

Irati Carcia.- Bai, baina lehenago Urduñako jesuiten ikastetxean egon zen; bera izan zen familiako seme bakarra ikastetxean, beka bati esker.

 (JM).- Lehen aipatu duzuen elkarrizketan, edo erreportajean, seminarioko egonaldi buruz zerbait kontatzen da. Daniela eta Ekaitz, zer esan dezakezue horri buruz?

Daniela Santamaría.- Oraindik ez zen Liansacor, baina gauzak eusten zituen omoplatoekin. Ikaskideek algaraz goraipatzen zituen Julianen trebetasunak. Berak esaten zuen seminarioan aurkitu zituela bere abilidade bereziak.

Ekaitz Castro.- Beste gauza batez ohartu zen: ez zuela apaiza izan nahi. Seminarioa utzi zuen eta, horregatik, bere aitarekin haserretu zen. Urte bat egon omen ziren hitz egin gabe!

 (JM).- Zirkuan lan egin baino lehen, beste lanen bat egin zuen?

Sylvia.- Bai, kobratzailea izan zen Madrilgo tranbietan.

 (JM).- Urrunera joan zen, gero!

Unai.- Gertatzen da Urduñar bat Madrilgo alkatea zela, eta horri esker lana eman zioten Julian Salazar Corcuerari.

 (JM).- Zein zen alkate horren izena? Eta, noiz eman zion lana?

Ekaitz.- Alberto Alcocer zen alkate hori.

Irati.- Baina bi aldiz izan zen Madrilgo alkate, eta ikusi dugun antzinako egunkarian, Liansacorrrek ez du esaten urtea.

 (JM).- 1923an edo 1924an izan zitekeen. Azalpen bat behar du honek.

Alcocer hori bi aldiz izan zen Madrilgo alkatea, eta bietan diktadura batean. Lehenengoa 1923 eta 1924 bitartean, Primo de Riveraren diktaduran; bigarrena 1939 eta 1946 bitartean, frankismoaren lehenengo urtetan. Nire ustez bi arrazoi dago esateko Liansacorrrek ez zuela  kobratzaile lana egin Alcocerren bigarren alkatetzan: alde batetik heldua zen jada, hogeita hamabost urte zituen, gutxienez; beste aldetik CNT sindikatuko militantea zen (edo gutxienez afiliatuta zegoen 1937an). Alcocer gerra-zibil garaian izendatu zuten alkate, eta diktaduraren lehenengo urteetan aritu zen alkate bezala. Ez dut uste frankista edo faxista batek anarkista bati mesede bat egingo dionik, kontrakoa baizik.

Baina goazen zirkura. Zer dakigu bere lanari buruz?

Eider.- Omoplatoekin danborra jotzen estreinatu zen zirkuan, Salamancan; gero “altzairu-omoplatoetako gizona” izendatu zuten, eta hasi zen pisu handiak omoplatoekin arrastatzen …

Sylvia.- Adibidez hamabi gizon …, edo 5 tonako kamioia …

Eider.- Bere saiorik famatuena zaldi bat altxatzea zen; horretarako omoplatoekin trapezioan helduta zintzilikatzen zen eta zaldia altxatzen zuen.

 (JM).- Eta non lan egin zuen?

Iker.- Europako zirko batzuetan: Frantzian, Belgikan, Europako Iparraldeko herrialdetan …

Maria.- Eta bukatu zen Price zirkuan, Espainian, Pinito del Oro trapezista famatuarekin.

Irati.- Orduan ez zen jada Liansacor, Torso de Bisonte baizik.

Daniela.- Berak kontatzen duenaren aparte, informazio gutxi aurkitu dugu: aipamen batzuk Madrilgo egunkariren batean, zirkuko kartelak, sarrera batzuen irudiak bere izenarekin …

 (JM).- Anekdota bereziren bat?

Eider.- Behin, Begikan, istripu bat izan zuen, Trapeziotik erori zen. Hospital batera deitu zuten esateko “Torso de Bisonte” istripu bat izan zuela. Txarto ulertu zuten …, eta albaitari bat bidali zuten!

Iker.- Beste bat: errezitatzailea eta poeta zen ere. Tranbia-kobratzailea zenean  poesiak errezitatzen zizkien bidaiariei, eta txartel gutxi saltzen zituen. Lana utzi behar zuen, gero!

 (JM).- Liansacorrek ia bizitza osoa eman zuen zirkutan, eta gainera, oso denbora zailetan. Gerra-zibil osteko garaiak latzak izan ziren askorentzat. Herritarrek zailtasunetik ihes egiteko, zirkuko langileek une alaiak eramaten zituzten herriz herri.

Liansakor urduñatar honek momentu alaiak eta mirespen handikoak eraman zituen egon zen leku guztietara, hemen eta atzerriko leku askotan.

Ezagutu zutenek esaten dute eleberri-bizitza izan zela berea; ahaztu baino lehen ea norbaitek idazten duen.

Unai.- Nahiz eta urduñar honi buruzko informazio gutxi aurkitu, guk uste dugu LIANSACORREK leku bat merezi duela Urduñako historian.

Entzuleak, badakizue: herriko ondasunen babesik onena: ezagutza eta estimua.

Gora Urduña, eta hurrengo arte!

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide