Kontzertu ekonomikoaren eta kupoaren legeak onartu dituzte Madrilen. EAEko 2018ko aurrekontuak onartuko dira Gasteizen. EAJk eta PPk bi gauza hauen arteko erlaziorik ez dagoela esan dute behin eta berriz. Inozoarena eginez sinetsi nahi dudala esan dezaket; gehiagorik ezin dut esan, bestela inozo itxurak egitearen traza eman ordez, benetako tentela gisa agertuko nintzateke.
EAEko aurrekontuak direla eta, Sozietateen Gaineko Zerga murrizteko akordio batera helduko dira eskuineko bi alderdi eta, ezkertiarra izan gabe, ezkerreko alderdi dela esaten duen bat. Hots, hiru alderdi liberalak. Hirurak dira azken hamarkadan murrizketa sozialak ezarri dituztenak.
Madrilgo gorteetan parlamentarien % 88,5ak kupoaren legearen alde bozkatu zuen, eta %10,9ak kontra; baina 2 parlamentarien abstentzio botoek hautsak harrotu zituzten, eta EAJren arduradun batzuen adierazpenetan oso ondo ikusi dugu zein ondo erabiltzen duten formula arrunt bat besteei erruak leporatzeko: etsaia ahalik eta hurbilen bilatzea.
Ortuzarrek sarritan erabiltzen du formula hori argumentuen ordez, behar bada argumentuak ez dituelako. Gai honetaz hau esan zuen: “EAJren kontra egin nahian, euskal herritarren interes orokorren kontra egiten dute. Hau ez dugu inoiz ahaztuko”.
Nik hitz horiek parafraseatuko nituzke aurrekontuetan inolako eztabaida sozialik onartu gabe, patronalaren eta kapitalaren aldeko neurriak hartu dituztenei buruz hau esateko: “Patronalaren eta kapitalaren alde egin nahian, euskal langileen interes orokorren kontra egiten dute. Hau ez dugu inoiz ahaztuko”.
LAGUN AGURGARRIA:
Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.
Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.
Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.
Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.
Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.
Faktoria izan, egin zaitez bazkide.
Aiaraldea Hedabideko lantaldea.
Izan bazkide