1.- LERRO ZUZEN BATEN MISTERIOA
(Bidaia hasi aurretik)
Esaten dute lerro zuzen bat egiten baduzu Irlandako hego-mendebaldetik Israelgo Haifaraino, Done Mikeli sagaratutako zazpi santutegi lotzen dituzula. Hau egia da, baina okultismoaren eta misterioen lagunak ausartak dira urrunera joateko: lerroa Done Mikelek bere ezpatarekin egin zuelakoan daude, arkanjeluak Luzifer kolpatu zuenean infernura bidaltzeko; eta batek baino gehiagok egia izango balitz bezala kontatzen du.
Okultismoaren eta misterioen adituek erraz aurkitzen dituzte azalpenak ulertzen ez diren gauzak sasierdiak bihurtzeko, nahiz eta azalpen irrazionalak erabili. Ezinezkoak ematen dituzten gertaerak, berezitasun apartekoak dituzten lekuak, edo berariaz asmatutako historiak, misterio bihurtzen dituzte. Erakargarritasun nahikoa badituzte asmakizun horiek, aise lortuko dituzte sinestunak eta jarraitzaileak.
Ni ez naiz sinestuna, baina lerro misteriotsu horren jarraitzailea izango naiz; literalki. Kontua da Frantziako NW eta Italiako SE artean lau abadia, eliza edo santutegi daude Done Mikeli sagaratuak, eta aipatutako lerro zuzen horretan lerrokatuta.
Ni bidaiaria izango naiz lerro horren zati batean; itsasoa, oraindik, ez dut zeharkatuko. Normandiako Mont Saint Michelen hasiko dut bidaia; salto egingo dut gero Saint Michel d’Aiguilhera, Le Puy en Velay kantonamenduan. Hirugarren helmugara heltzeko Frantzia utziko dut, eta Turin hiritik hurbil dagoen Susako aranean, Sacra di San Michelen geldiune bat egingo dut.
Aipatutako hiru leku “sagaratu” horiek ezagunak ditut lehendik; hirurak dira ikusgarriak, bitxiak, harrigarriak. Bidaia honetan laugarrena ezagutuko dut; Sacra di San Micheletik zazpiehun kilometrora dagoen San Michele Arkanjeloaren santutegiraino helduko naiz; Apulian dago, Italiako hegoaldean, Gargano mendian. Santutegi hau zaharrena da, eta Done Mikel izenarekin kristauek sagaratu zuten lehena.
Grekoen eta erromatarren garaian gurtza lekua izan zen seguruenik, eta lehenago ere; baina 490ean Done Mikel hainbat aldiz agertu omen zitzaion Sipontoko apezpikuari, eta apezpikuak lekua kristautu zuen, Apolo jaungoikoarekin lotura zeukan santutegian zaindaria aldatzeko.
Legendak eta berariaz asmatutako historia asko korapilatzen eta nahasten dira leku guzti hauetan. Non dago jarraituko dudan lerro horren misterioa? Ea argitzen dudan!