Mont Saint Michel eta Rennes arteko bidea autobusez egin nuen. Lainoak paisaia lauaren balizko edertasuna ezkutatzen zuen, beraz, Guy de Monpassant idazlearen La legénde du Mont Saint Michel berrirakurri nuen. Idazleak tokiko normandiar batek kontatu zion legenda eskaintzen du. Legenda horren arabera, Done Mikelek azpikeriaz, tranpaz eta iruzurrez lortu zuen deabrua menditik eta inguruetatik jaurtitzea. Istorioaren deabrua apala, fidakorra eta tolesgabeko izakia da; arkanjelua, aldiz, tranpati, engainatzaile eta maltzurra.
Agian, kristautasunak nola baztertu zituen aurreko sinesmenak kontatzen da ipuin honetan. Hala ere, irakurtzean deigarriena egin zitzaidana bukaera izan zen: “beste herri batek modu desberdin batean irudikatuko zukeen borroka hau”. Idazleak hitz gutxitan xedatzen du normandiar izaera. Horrela al dira normandiarrak? Nirekin adeitsuak izan ziren; baina Done Mikel oso adeitsua izan zen ere, deabruari iruzurrak egiten zizkionean.
Rennes ere lainopean zegoen. Bi gau egin nituen Bretainiako hiriburuan. Bigarren eguneko goizean lainoa zegoen oraindik, baina eguerdirako urdin-gune zabalak ireki ziren zeruan. Hiria eta hiriko leku entzutetsuenak ikusten igaro nuen egun osoa.
Gaua zen hotelera itzuli nintzenean. Place de la Garen zegoen, autobus eta tren geltokien aurrean. Nire gela laugarren solairuan zegoen, plaza gainean; ikuspuntu ezin hobea neukan. Geltokiak handitu eta modernizatzeko ia enparantza osoa betetzen zuen obra erraldoia zen nire bista. Goiz hasi eta berandu arte egon ziren lanean; lanaldi bitartean zarata nabarmena zen, eta argia egunekoa bezalakoa.
Balkoiko atea ireki nuen inguruak behatzeko. Gaua zenez, begiradak argietara joaten zitzaizkidan, gehien bat obrako argietara. Pausu bat eman nuen balkoira ateratzeko, eta berehala antzeman nion ilargiko argiari. Begirada gora bideratzeko behar nuen une ezin laburragoan, hainbat gauza bururatu zitzaizkidan: eguraldia hobera jotzen zuela; oskarbi geratzekotan hotza egingo zuela…; eta batez ere nola zen posible ilargia nabarmen ikustea hain argi-poluzio handiarekin. Erantzuna berehala heldu zitzaidan; zerutik etortzen zen argia, baina ez zen ilargia goian neukana, neurriz gabeko garabi bateko neurriz gaineko iragarki baten argiteria baizik: ”leon grosse“.
Ni, deabrua bezala, fidakorra; zerutik heltzen zitzaidana, iruzurtia.