5.- ZORTZIEHUN KM ETA LAU TREN HAMABI ORDUTAN

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo 2017ko abe. 29a, 17:14

850 km inguru egin behar nituen bigarren helmugara heltzeko: Saint Michel d’Aiguilhe. Rennes hiritik Le Puy en Velay hiriraino joan behar nuen. Tren eta autobus konbinaziorik laburrena (eta ahalik eta merkeena) bilatu nuen. Azkenean trenez egin nuen bidaia osoa.

 

Rennes eta Paris arteko bidaia TGV batean egin nuen. Azkarrena izan zen, hala ere eguneko deserosoena izan zen niretzat. Eserleku librerik ez ziren geratzen eta saldu zidaten “un billet sans droit de siège”; hori bai, ordaindu behar nuen eserleku eskubidea izan banu bezala. Sarrerako plataformako eserleku tolesgarri eta txiki batean aurkitu nuen lekua; handik ez zegoen paisaia ikusterik.

Parisko Montparnasse geltokia jendez gainezka zegoen. Nik, alegiazko lerro zuzen eta misteriotsu bat jarraitzen nuela, ezin izan nuen zuzen ibili. Bercy tren geltokiraino metroz joan nintzen, bertan Clermond Ferrand hiriraino beste tren bat hartzeko. Tren hau geldoagoa izan zen, geltoki gehiagotan gelditzen zen, baina guztiz erosoago bidaiatu nuen.

Vichy hiriraino gizon heldu bat izan nuen auzoko; saiatu nintzen solasaldiari bide eman, baina hitz gabeko erantzun zakarra jaso nuen. Paisaia monotonoa zen eta irakurtzeari ekin nion, gizon harekiko pentsamendu desatseginekin buruan. Beranduago errukitu nintzen. Geltoki batean geldiune luzeago bat egin genuen, eta jarleku-kideari galdetu nion ea non geunden. Totelka erantzun zidan, inoiz entzun ez nituen zailtasunekin, inoiz ikusi ez nituen imintzioekin. Ulertu nuen hasierako erantzun isila eta zakarra.

Clermond Ferrand hiritik hurbil paisaia animatu zen; lautadek eta laborantza sailek lekua uzten zieten lur aldapatsu eta menditsuei. Puy de Dôme ikusi eta ezagutu nuen; horrek eta gailurretik ikusten den paisaia gogoratzeak, asken orduan izandako loarina desagerrarazi zuten.

Clermond Ferrand hiriko geltokian hogei minutuko tartea izan nuen hurrengo trena hartzeko, hau bagoi bakarrekoa. Tren honetan dena animatu zen; batetik paisaia aldakorra eta erakargarriagoa egin zen, baina denbora gutxian heldu zen gaua; bestetik, geltoki guztietan geldialdi bat egiten zuen, beraz, bidaia-kideak aldakorrak ziren ere.

Parisko metroarena kenduta, bidaia osorako txartel guztiak grapatuta eman zizkidaten; txartel-begiratzaileak begiratu zituen, eta esan zidan:

Long voyage! Italien?

Non, je suis basque. ―Eta aprobetxatu nuen galdetzeko ea zein zen konbinazio honena Le Puy en Velay hiritik Turin-era joateko.

Harritu zen. Luzea iruditu zitzaion geldiunerik gabeko egun hartako bidaia, Le Puy en Velay geratzeko; arraroagoa gero Turinera joateko nahia. Denbora nahikotxo egon zen bilatzen bere telefonoarekin konbinazio honena niretzat. Bidaia bukatu baino lehen zehetasun guztiak ematera itzuli zen niregana. Ez nion azaldu alegiazko lerro zuzen bat jarraitzen ari nintzela; esateko gogoak bai, batez ere adeitsua izateko berarekin; baina ausartu ez, menperatzen ez dudan hizkuntza batean azalpenak bilatzen ez jakitearen beldurragatik.

Niretzat harrigarriena, bidaiaren bukaeran gertatu zen. Bi geltoki artean matxura bat izan zuen trenak. Tren-gidariak kabinatik atera zen karpeta handi batekin, bidaiarien gunean zegoen kutxa batetik ziri bat eta erremintak hartu zituen, eta salto egin zuen trenbidera matxura konpontzeko. Gidariak lanean ibiltzen zen bitartean, txartel-begiratzaileak megafoniatik azaltzen zigun matxura izan zutela, konpontzen ari zirela eta hogei minutuko edo ordu erdiko atzeraldiarekin helduko ginela Le Puy en Velayra. Eta horrela izan zen. Tren-gidariak barrura berriro salto egin zuenean txaloak eta bibak jaso zituen

―Hau ez dut inoiz ikusi Urduña eta Bilbo arteko trenetan ―pentsatu nuen.

Le Puy en Velayko geltokira heldu aurretik, Saint Michel d’Aiguilheko haitzari antzeman nion, eta orratzaren puntan eliza; argiztapen artifizialak iluntasunetik erauzten zuen.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide