Le Puy en Velay hartu nuen ostatuaren eta Aiguilheko haitzaren artean, hiriaren gune historikoa neukan. Goiz-goizean kaleratu nintzen. Igandea zen, eta lehenengo orduetan kaleak hutsik zeuden. Erdi Aroko labirintoan sartu nintzen, karrika isil, estu eta aldapatsuetatik zeharkatzeko.
Alde zaharra Anis mendiaren gailurrean behera jaisten da, Loira ibaiko bi ibaiadarretara; iparraldean Borne ibaiak babesten du hiria; hego-ekialdean Dolaizon izenekoa. Babes funtzioa beteta, ekialdean elkartzen dira biak, Loira ibaira heldu baino 350 metro lehenago.
Notre Dame du Puy katedralean fatxada nagusitik sartu nahi nuen; place des Tables bilatu nuen, handik igoera hasteko, zeren eliza honetan ez da sartzen; aitzitik, igo egiten da. Rue des Tables aldapatsua katedralaren arkupetan bukatzen da, baina elizaren zorua hamazazpi metro gorago dago, bere zati handi bat zutabe eta arkupe handietan bermatuta.
Fatxadaren erdiko arku handia zeharkatuz sarrera nagusia aurkitzen da. Handik eskailera batek nabearen erdira eramaten zaitu. Hortik sartu ginen azken udan; behetik, ia lurraren barrendik eraikin erdian agertzeak eragin zidan sentsazioa sentitu nahi nuen berriro, eta helburu horrekin igo nintzen Rue des Tables kaletik; hala ere ezin nuen helburua bete: ate nagusia udan soilik irekitzen dute. Nabearen azpiko eskailera batetik jarraitu nuen igotzen, elizako zoruaren arrasean zegoen beste ate batetik sartzeko.
Hamar bat fededun meza bat entzuten zeuden. Nire presentziaz inor ez jabetzeko, astiro eta isiltasun handiz ibili nintzen, eliza eta bertan dauden artelanak ikusteko. Meza bukatzean aldarearen inguruan geratu ziren gehienak; meza-emaileak nabe nagusiaren atzealdean eseri zen konfesore lanetan aritzeko. Deigarria iruditu zitzaidan meza eta gero hori egitea, konfesatoki bat erabili gabe gainera; harrigarriagoa oraindik meza bitartean laguntzaile lanetan aritu zen beste apaiza, aitor-entzulearengana joaten lehena izatea. Urgentziazko zerbitzua ote?
Fededunak ez ziren joaten; aldare ondoan, eta Notre Dame du Puy birjina beltzaren aurrean, meditazio ariketetan ematen zuten. Sinestunak ez gogaitzeko, ahalik eta zuhurtasun handiarekin behatu nituen lekua eta bertan zeudenak. Horrela hurbildu nintzen aldare nagusiaren ezkerraldeko kaperara, jatorrizko trikuharriaren harlauza ikusteko. Harri beltz eta hotzaren gainean emakume gazte bat zegoen muturrez aurrera etzanda, mugiezin; agian miraria errepikatuko zela itxaropenarekin. Denbora luzez ahuspeztuta egon eta gero, aldare ondora joan eta belaunikatu zen; bere aurpegiko aldarte goibelkor eta malenkoniatsuak ez zuen adierazten miraririk gertatu zenik. Ematen zuen III. mendeko miraria ez zela errepikatu.
Harriari “Pierre des Fièvres” (sukarren harria) esaten diote. Legendak esaten du gaixo zegoen emakume batek Ama Birjinaren agindua jaso zuela ametsetan: trikuharriaren harlauzan etzan behar zuela. Hori egin zuen, eta etzanda zegoenean amets bat izan zuen: aingeruek inguratu zuten, eta Ama Birjina ere agertu zitzaion; honek eliza bat eraiki zedila nahi zuen. Emakume gaixoa bere senera itzuli zenean, sendatuta zegoen. “Miraria” III. mendean gertatu zela esaten dute. Antza denez, mirarizko sendaketa gehiago asmatu behar zituzten saindutegi paganoa eliza batekin ordezkatzeko; besteren artean elbarri baten sendaketa kontatzen dute. Ahalegin tematiek helburua lortu zuten, eta V. mendearen erdialdean eraiki zen lehenengo eliza aurreko santutegia ordezkatzeko.
Mende batzuk beranduago, Godeskalc apezpikuak ahalegin handiak egin zituen erromesak erakartzeko. Puyko elizbarrutiko burua izan zen 927 eta 962 bitartean. Santiago Konpostelakoa erromes-bidea egin zuen jarraigo handi batekin: soldadu, zerbitzari, sukaldari, noble eta elizgizonekin egin zuen erromesaldia (951ean edo 952an). Le Puy en Velay Santiagorako erromesaldi-bide baten abiapuntua bihurtu zen, Via Podiensis deitutakoarena. Gero eta ugariagoak egin ziren Puyra heltzen ziren erromesak. Gaurko katedrala XI. eta XII. mendeetan eraiki zen, bidaiari hauek hartzeko. Godescalc apezpikuak Saint Michel d’Aiguilheko elizaren eraikuntza agindu zuen ere.
Gaur egun katedralak eta Aiguilheko haitzak bisitari asko eta asko erakartzen dituzte. France 2 telebistako “monument preéféré des français” saioan, katedralak bigarren postua lortu zuen 2015ean; Saint Michel d’Aiguilhek laugarrena 2014an.
Godescalc berpiztuko balitz harro egongo litzateke.