Jarraitzen ari nintzen alegiazko lerro zuzenean Le Puy en Velay hiria egon balitz, hirugarren helmugara heltzeko hego-ekialderantz joan beharko nuke. Baina nire hirugarren helburua –Sacra di San Michele– ekialdean neukan, mapan neurtuta 300 km-tara gutxi gora behera. Nik 570 bat km egin behar nituen.
Frantziako SNCF tren-konpainiarekin bidaiatu nuen Grenobleraino; Firminyraino autobusez, eta gero bi tren hartu behar nituen: bat Lyonera joateko eta beste bat Grenobleraino. Honaino, bi egun lehenago tren-ikuskatzaile batek azaldu zidan ibilbidea jarraitu nuen; Alpeak zeharkatzeko, ostera, autobusa aukeratu nuen. Bernara joaten zen autobus batean Chanbéry hiriraino joan nintzen, eta handik Torinoraino beste batean. Itxaronaldiak luzeagoak izan ziren, baina bidaia guztiz merkeagoa.
Motxiladun bidaiatu naizen bakoitzean zin egin diot neure buruari hurrengoan pisu erdia eramango nuela; azkenean beti okertzen naiz, eta “badaezpadako” gehiegi sartzen ditut. Bidaia honetan motxila eragozpen bat izan zen itxaronaldi luzeetan. Firminy, Lyon, Grenoble eta Chanbéry ezagutu nahi badut, beste bidaia egin beharko nuke.
Alpeetako alde hau ere gozatzeko itzuli beharko nuke, gauez zeharkatu nuen eta. Etxetik ekialdera ordu-eremu batera gutxienez egoteaz gain, bi egun lehenago neguko ordua ezarri zuten; beraz, etxean nengoenean baino ia bi ordu lehenago iluntzen zen. Frantzia eta Italia arteko mugara heldu baino lehenago, gaua egin zen.
Autobusak Frejus izeneko tuneletik zeharkatu zuen muga; itsasotik 1.290 bat metrotara, ia 13 km ditu tunelak. Mendebaldeko Alpeetako muga iragan ondoren, Susa haraneko goialdean du Italiako sarbidea. Tunel honetatik baino guztiz beherago 58 km luzerako beste tunel batekin zulatu nahi dituzte Alpeak, Torino eta Lyon artean abiaduraren handiko trenbide bat egiteko. Italiako Susa haranean egitasmo horren kontrako borrokak mende laurden bat baino gehiago irauten du. Borroka hau AHT kontrako mugimenduen aitzindaria da, eta herritarrengandik sortzen diren erresistentzia eta borroka askok bezala, honek ere indarkeria eta mota guztietako jazarpenak pairatu ditu. Ekintzaile askok larrutik ordaindu dute botere ekonomiko eta politikoen kontra izan duten adorea. Intelektual italiar ugarik laguntza eman diote borroka honi, batzuek garesti ordaindu ere. Erri de Luca izan da bat; makro-proiektu horren kontra egindako adierazpen batzuengatik, prozesatua izan da. Epaiketa aurretik argi esan zuen: “nire iritzia delitua bada, ez diot egiteari utziko”. La parola contraria liburuan ideien kontrako boterearen erasoak ikusarazten ditu. (Gazteleraz: La palabra contraria; Seix Barral).
Autobusa tuneletik atera zenean aurreko gogoetak alde batera utzi nituen, aditasuna ikusten ez ziren mendietan jartzeko; Sacra di San Michele ikusi nahi nuen. Gaua zen, eta ziur nengoen ahalegin antzua zela. Baina ez, nire hirugarren helmugako abadia Pirchiriano mendiaren gailurrean agertu zen. Pirchiriano mendia ez zen ikusten; gainean zeukan eraikin miresgarria, aldiz, argiztatuta zegoen.
Autobusak atzean utzi zuen Susa harana; atzean geratu zen Sacra di San Michele. Hala ere banekien eskura neukala bidaiaren hirugarren helmuga, eta erreserbatutako ostatuaren bila ordu batez Torinotik galduta ibiltzea, ez zitzaidan bat ere axola.