9.- Ikusmen iheskor batek ekarri ninduen

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo 2018ko urt. 15a, 16:27

Frantzia eta Italia arteko Frejus izeneko tunela bi aldiz zeharkatu dut, biak norabide berberan: Frantziatik Susa haranerantz. Azken bidaia honetan gauez zeharkatu nuen. Lehenengo aldian (orain dela hiru urte eta erdi) gauaz joan banintz, ez nezake Sacra di San Michele ikusiko, eta bidaia hau egitea ez zitzaidakeen bururatuko.

 

Aurreko bidaia batean leku beretik sartu ginen Italian. Ni gidaria nintzen, eta aditasuna errepidean eraman arren, urrutitik ikusi nuen Pirchiriano mendia. Bat-bateko ikusmena izan zen, eta, batez ere, iheskorra. Mendiak ez zidan jakin mina piztu, gailurrean ikusi nuena baizik: erretinan islatutako itzala ez zen mendi baten silueta; artifiziala zen oso, eta bitxia, ohiz kanpokoa. Susa haraneko behealdera heldu ginenean, argiki ohartu ginen Sacra di San Michelen ikusgarritasunaz. Hain erakargarria suertatu zitzaigun egun pare bat geratu ginela inguruko kanpin batean, lekua ikusteko.

Bisita hartan enteratu nintzen Done Mikeli sagaratutako hainbat eliza alegiazko lerro zuzen berberaren puntuak zirela; berehala bururatu zitzaidan interesgarria litzatekeela bidaia bat egitea leku horiek lotzen. Egun haietan balizko bidaia zena eginda daukat, eta orain kontatzen ari naiz.

Torinotik Sacra di San Micheleraino

Sacrara joan aurretik egun bat igaro nuen Torinon; lotara joan nintzenean nabaria zen jai-bezpera zela. Domu Santuen egunean goizean goiz hartu nuen trena Avigliana herrira joateko. Trena gaztez lepo zegoen; gaupasa egitetik itzultzen ziren. Trenak sortzen zuen zarata eta nire aurrean eserita zegoen emakume ekialdetar baten telefono solasaldi ozena besterik ez zen entzuten; bidaiari gehienak erdi lo zeuden. Lainopean, lo ematen zuen paisaiak ere; bidaide neukan emakumearen arropa bero eta koloretsuek, ez ziruditen ez paisaia ez giro hartakoak; bere solasaldiaren hizkuntzak ere ez. Ziur aski, nire presentzia agerikoa izatekotan, ni ere ale galduaren itxurarekin agertzen nintzen.

Aviglianan ordu luze bat itxaron behar nuen Sacrara eramango ninduen autobusa hartzeko. Dozena bat pertsona igo ginen Pirchiriano mendiraino, abadiako bidean azken ehunka metroak oinez egiteko. Lehenak izan ginen sarrerak erosten. Abadian sartu aurretik denbora galdu nuen informazioa irakurtzen, eta sarreraren ezkerraldean 2005ean inauguratutako Done Mikelen estatuan arreta jartzen.

Done Mikelen irudi samurra

Done Mikelen eskultura mendiko harkaitzaren irtengune batean dago, abadiaren hormei sorbalda emanez; irtengunearen oinetan deabruaren hegalak ikusten dira, Luzifer infernuko barrentasunetan erortzen egongo balitz bezala. Modernoa da irudia, Elizak egiten dituen mitoaren interpretazio berriei egokituta. Done Mikel aldarte adeitsuaz agertzen da;  aurrean du ezpata, haitzean iltzatuta, baina ez eskuetan, historian zehar eman dioten izaera gogorra, bortitza eta Elizaren etsaien kontrako errukigabea samurtzeko nahian; ezkuturik ez du. Besoak altxatuta eta eskuak irekita, begitarte oneko keinua eskaintzen du; hala ere, eskuineko esku-ahurra lurrerantz bideratzen du, zerbait baztertu edo errefusatuko balu moduan. Zeri egiten dio uko? Aurrean duen ezpatari, menpean duen deabruari, bortizkeriari?

Hiru egun lehenago, Saint Michel d’Aiguilhen, aingeruei buruzko erakusketa bat ikusi nuen; espiritu hauei buruzko mitoen alderdi sinesgaitzenak leuntzea zen bere helburua. Done Mikeli buruz testu hau irakurri nuen: “Eskuetan dudan ezpata ez da nirea, Done Mikel goiaingeruarena baizik, Jaungoikoaren gudarosteen liderra”. Eta jarraian azalpena: “Ez du esan nahi Done Mikeli gustatzen zaiola gerrara joatea, baina gutariko batek gizakiak zelatatu behar ditu, ilunpea ordez argia aukera dezaten”. Nire ustez, mitoa eta sinesmenak eguneratzearen nahia nabarmena da; irudiak ere gaurkotu daitezke, eta gaurkotze batek Done Mikelen irudi moderno eta ederra utzi digu Sacra di San Michelen.

Orain dela urte batzuk, bat-bateko ikusmen iheskor batek ekarri gintuen Sacra honetara. Orduan, Done Mikelen irudiari ez nion kasu handirik egin; orain, aldiz, artelan miresgarria iruditu zait. Lehenengo bidaiaren oroimenen artean, bat gailentzen da, bat  sustraitu da ahaztezina bihurtzeraino; Printzeen bidexkatik  igo ginen, eta bidearen bihurgune handi batean bira hartzean, gure begien aurrean ageri zen Sacra, gure maila berean, perspektiba perfektuan. Oroimen higadurak ez dio kaltetzen gogoratzen dudan irudi horri.

Oraingo bidaia honetan, Done Mikelen estatua miretsi ondoren, gora begiratu nuen Sacraren sarreratik;  berrogeita bat  metro gorago bukatzen zen eraikina. “Ea beste oroimen hautsezina eramaten dudan”, pentsatu nuen sartu aurretik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide