Torino oso hiri ordenatua da. Hiriko planoan lerro perpendikularrak ikusten dira batez ere. Kale zuzen horietan arkupeak ugariak dira; esaten dute hamazazpi bat km arkupe daudela, eta gutxienez hamabi kale elkarrekin lotzen dituztela. Egin nituen ibilbide gehienak Piazza Castello-tik hasi nituen. Nire ostatutik plaza honetara heltzeko hainbat aldiz ibili nituen Via Cernaia eta Via Pietro Micca, bietan arkupedun espaloietatik. Arratsaldetan bizitasun guztiz handiagoa zegoen Piazza Castello-tik Piazza Vittorio Veneto-ra joaten den Via Po kalearen arkupeetan. Arkupeek euritik babesteaz gain bertako terrazetatik hiriko biztanleen joan etorriak eta haien bizitzaren zatitxo bat ikustea eskaini zidaten.
Hiriko beste lekuetan historia-ondareek iragana erakutsi zidaten, boteretsuen handikeriak barne. Adibide bat: Madama jauregiaren fatxada baten aurrean (Via Po hiribidera begira) ikusi nituen estatuak; handiegiak eta aldarte gogorregikoak iruditu zitzaizkidan. Jakin gabe oraindik noizkoak ziren, faxismoaren garaikoak izan behar zutela pentsatu nuen. Informazioa bilatu nuen, eta bai, 1936an inauguratu zuten monumentua. Manuel Filiberto Aostako dukeari egindakoa da; honek italiar armadako jenerala izan zen Lehen Mundu Gerran; Musolinik Italiako mariskala izendatu zuen. Monumentuak ez zidan miresmena sortarazi; harridura bai, eta honekin batera ikara moduko sentsazio bat.
Ikusi nuen katedrala, eraikin errenazentista, Sindone deitutako hil-oihala han egoteagatik ospetsua. Argazkiak egin nituen Po ibaiaren ondoko Michelotti parkean. Corso San Maurizio etorbidean etxe okupatu bati argazkiak egin nizkion ere; hango okupa batzuk bazkaltzen zeuden zuhaitz baten azpian, eta eserlekua eskaini zidaten beraiekin zerbait jateko, oso ondo ulertzen ez nituen azalpenak ematen zizkidaten bitartean; agurtu baino lehen argazki batzuk elkarrekin ateratzeko eskatu zidaten. Via Roma ibili nuen ere; han ez nituen okupak ikusi, bai, ordea, mundu osoko marka famatuen erakusleihoak; hauetariko askotan salneurri txikienak gutxieneko soldata baino hainbat aldiz handiagoak ziren …
Baina une zehatz bat gogoratzea eskatzen badidate, errege lorategian egonaldia aukeratuko nuke. Lorategi hauek Saboya errege familiaren boterea eta oparotasunaren adierazleak dira. Ez zituzten egin mendekoek goza zitzaten, hala ere, dena lortu daiteke, monarkia eroaraztea ere. Italiako monarkia faxismoarekin lerrokatu zen, eta Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren italiarrek errepublikaren alde egin zuten, 1946an egindako erreferendumean. Horri esker gaur egun edozein herritarrak libreki gozatu ditzake Torinoko errege lorategiak. Nik ez nuen aparteko interesik lorategiak ikusteko, dena dela denbora soberan nuen eta ibilalditxoa egitera sartu nintzen. Izugarri gustatu zitzaizkidan, agian sartu bezain pronto izan nuen lehenengo inpresioagatik. Bi aldetatik errege jauregiak mugatuta, zelaigune handi eta laua ikusi nuen parterrez, belargunez eta bidezidor zabalaz atondua. Errege jauregiak mugatzen ez zituen beste aldeetatik, lorategiak baso moduan zabaltzen ziren. Zuhaitz gabeko zabaldegian, handik eta hemendik barreiatuta, hamakak zeuden; hainbat lekutan, hamaketan eserita edo etzanda, bikoteak zein talde handiagoak hizketan edo atsedenean ikusten ziren. Errege baten izan zena eskuratuko banu bezala, hamaka batean lekuaren jabe bihurtu nintzen, eta monarkia baten erorketa ospatu nuen. Menpekoena oparotasunik gabeko botere ahula da, baina boterea da eta monarkiak eraitsi ditzake.
Lorategietatik atera eta gero gizon bat hurbildu zitzaidan hiriko planoa begiratzen nengoenean; laguntza eskaini eta eman ondoren solasaldia luzatu zuen. Hiru egun lehenago aldebakarreko independentzia adierazpena eta Kataluniako errepublikaren aldarrikapena bozkatu zituzten Kataluniako parlamentuan, eta horri buruz hitz egin nahi zuen. Ez zegoen ados independentzia aldarrikapenekin, ez Katalunian, ez Euskal Herrian, ez inon.
–Nik dena Europa izatea nahi dut, ez dugu muga gehiagorik jarri behar, kendu egin behar ditugu –esaten zuen.
Nik esaten nion estatuak behin eta berriz ukatu diete katalanei zer nahi duten adieraztea, eta askok eta askok ez dutela nahi estatu monarkiko baten parte izatea, nahiago dutela errepublika independente baten herritarrak izatea. Errepublikarena ondo iruditzen zitzaion, baina ez independentziarena.
–Guk mende bat eta erdiko atzerapenarekin lortu genuen errepublika; zuek bi mende baino gehiagoko atzerapena metatu duzue jada. Monarkiak eraitsi daitezke, baina mugak biderkatzearekin ez nago ados.
Ez zion solasaldiari luzapenik eman; hori izan zen bere agurra.