Aurrera egin zuen trenak eta lo egiteari ekin nion berriro, baina loarina izan zen aurrerantzean, nire geltokian jaitsi gabe pasatzearen beldurragatik; trenak Lecce hirian zuen helmuga, nik Foggian, 285 km lehenago.
Goizeko 05:35ean heldu zen trena Foggiara, Torinotik zortzi ordu eta laurdeneko bidaia baten ondoren. Beste bi ordu itxaron behar nituen Manfredoniarako autobusa hartu aurretik; Manfredonian lau ordu gehiago, Interneten bidez alokatutako ostatuaren giltzak eskuan izateko. Foggiako geltokian itxaron nuen bitartean alokatu nuen lau egunerako ostatua; etxabe batean prestatutako apartamentu bat zen, erdigunetik urrunekoa, baina merkea, aurkitu nuen merkeena.
Zortziak pasata ziren Manfredoniara heldu nintzenean. Goizeko lehenengo orduetan jende gutxi ikusi nuen kalean. Bi edo hiru pertsonei nire ostatuaren helbideaz galdetu nien, baina inork ez zekien non zegoen kalea. Turismo bulegotik hurbil zegoen plaza batean eseri nintzen, kaian goiti, bulegoaren irekiera itxaroteko. Irekitzeko orduan (ia bi ordu beranduago) bulegora hurbildu nintzen. Emakume gazte bat itxaroten zegoen; bulegoko langilea zen, eta nagusiaren zain zegoen irekitzeko, berak giltzarik ez zituen eta. Hiru ordu laurden atzeratu zen jabea.
Inguruko informazioa, autobusen ordutegiak eta nire ostatura joateko azalpenak lortu nahi nituen; plano bat eman zidaten euro baten truke, karpeta bat utzi zidaten autobus ordutegiak (udakoak!) nik apuntatzeko, eta ostatuko bideari buruzko azalpen argiegia ez nuen lortu. Lehendik neukan iritzi bat indartu nuen ere: italiarrak desatseginak direla lan egin behar dutenean; badakit orokortzea oker bat dela, eta bidegabea, baina bidaia honetan, eta lehen ere, sarritan izan nuen inpresio hori.
Lau egun egon nintzen Manfredonian. Bigarren eta laugarren egunetan autobusez igo nintzen Gargano mendira, Monte Sant Angelo herrian Done Mikeli sagaratutako lehenengo santutegia ikusteko. Hirugarrenean Siponto herrira joan nintzen; VI. mendean gotzain-hiria zen hau, eta hemengo Lorenzo Maiorano apezpikua izan zen Done Mikelganako debozioa Europan sartu zuena.
Manfredoniatik sei bat km egin nituen oinez, Sipontoko Santa Maria Maggiore basilikara heltzeko. Eliza hau erromanikoa da, baina ikusi aurretik erromanikoa dela esaten dizutenean, ez duzu imajinatzen gero aurkituko duzun eliza. Bere oinplanoa karratua da, eta bi abside ditu: bat ekialdean eta bestea hegoaldean. XI-XII. mendetan lurrikara batek eraitsitako aurreko eliza paleokristaua ordezkatu zuen. Elizaren mendebaldean aztarnak ikusi daitezke, eta hauen gainean burdin harizko estruktura batek antzinako eraikina irudikatzen du.
Basilika gune arkeologiko zabal batean dago, eta inguruan ez dago eraikinik iparraldean ikusten den Gargano mendia ezkutatzeko. Leku zabal hartatik ibili nintzen bitartean ezin nion Lorenzo Maiorano apezpikuan pentsatzeari utzi. Apezpiku honek egunero ikusi behar zuen Gargano mendia iparraldeko zeruertzean, eta ziur aski hango haitzulo batean ospatzen ziren errito paganoek loa kentzen zioten. Kristautasunaren lehenetariko gotzaingo bat Siponton ezarri omen zen I. mendean; hala ere, Apolorekin lotura zituzten orakuluak, sinesmenak eta errituak, VI. mendean mantentzen ziren oraindik. Lorenzo apezpikuak erritu berriak sartu zituen aurreko sinesmenak erauzteko.
Gaur eliza paleokristaua irudikatzen duen burdin harizko estrukturak, antzinako elizaren irudi fantasmagoriko bat eskaintzen digu (ikusi hemen). Alanbrez egindako gizakiak ere irudikatuta daude; haietako batean Lorenzo Maiorano ikusi nahi nuen, Apolo edo bere apaiza Kalkante ordezkatzeko estrategia imajinatuz.