Santutegia Monte Sant’Angelo herrian dago. Manfredoniatik ikusita, herriko etxe zuriak zeru ertzean agertzen dira, Gargano mendigune ertzean. Nire bidaia hango santutegi famatuan bukatzen zen. Lehenago ikusi nituen beste hirurak, kokapenagatik, handitasunagatik eta edertasunagatik sekulakoak iruditu zitzaizkidan; laugarren honetan sartu aurretik ikusi nuen ingurunea ikusgarria zen, baina besteetan ez bezala, lehenengo begi-kolpeak ez zidan sortarazi bat-bateko harridura eta mirespena.
Garganokora heldu nintzenean patio batean sartu nintzen; eskuinaldean 27 m-ko kanpandorre bat ikusi nuen, XIII. mendearen azken laurdenean eginda; aurrean, santutegiaren sarrerako bi ateko elizpea; eskuineko atea XIV. mendeko azken urtetan eginda, ezkerrekoa XIX. mendeko berreraiketa; atari gainean frontoi bat Done Mikelen estatua batekin. Lorenzo Maiorano apezpikuak kultu berria ezarri zuenetik baino mende asko beranduago eraiki zuten ikusten nuena. Ikusgarria bazen ere, hura ez zen milaka urteko leku sagaratua.
Eskailera luzea jaitsi behar nuen. Harpean sartzeko XIII. edo XIV. mendeko eliza baten atea zeharkatu behar nuen. Harpea jendez lepo zegoen, eta gehienak debozio handiz jarraitzen zuten bukatzear zegoen meza bat. Aldareko gune babestuan Done Mikel estatua nabarmentzen zen, ondo landutako kutxa baten barruan; kokapenagatik, babesten zion kutxagatik eta, batez ere, leku ilun hartan ondo zuzendutako argiak biderkatzen zion zuritasun itsugarriagatik, beste gauza guztien artean gailentzen zen.
Aurretik egon nintzen beste hiru eliza edo abadietan turistak ikusten ziren; bere artean erromesak edo sinestunak bazeuden, ez ziren nabarmentzen. Garganon, aldiz, turistak edo bidaiariak ez baziren sinestun mozorrotzen nabariegiak egiten ziren, eta, konturatu edo ez, moja zaindarien begirada zorrotzen pean geratzen ziren.
Meza bukatzean harpeko bazter guztiak ibili nahi nituen, baina, “ite missa est” agurrarekin sortu zen sinestunen behin behineko anabasa, denbora gutxian amaitu zen; harpean geratu zirenek, eta sartu berriek, kasu egin zioten arrosario esateko deiari, eta berriz ere ordena eta debozioa nagusitu zen barruan. Gehienek, antza bere baitan bildurik, otoitza jarraitzen zuten; harpea eta harpeko lehengo eta oraingo osagarriak ikustatzen eta miatzen zutenek, lekuz kanpo ematen zuten.
Kobazulo inguruko beste gelak eta guneak ikustera atera nintzen. Haitzuloko sarreratik korridore luze eta argitsu batek Adiskidetzeko Kaperara eraman ninduen; 2000. urtekoa da, eta Juan Pablo II.ak santutegiari aitortu zion pribilegio bat gogoratzeko egin eta atondu zuten: “aingeru barkamenaren pribilegioa, betiereko barkamen osoarekin”. Alajaina! Eta ez gaude 490ean! Kaperan fresko moderno eta polit bat, XV. mendeko egurrezko gurutze bat eta haitzulo artifizial txiki batzuk mendiaren harkaitzetan zizelkatuta ikusi nituen; azken hauek Trebiñuko eta Gaubeako haitzulo artifizialak gogoratu zizkidaten.
Betiereko aingeru barkamenak ematen zituzten aitorleek, kaperaren atzealdeko dozena erdi aitorlekuetan itxaroten zidaten; hori ulertu nuen behintzat alokatutako audio-gidan, eta, leunki, aitorlekuetara hurbiltzeko gonbitea: “hemen gizon berria bezala birjaiotzeko pribilegioa ematen zaizu” (esatariak ez zuen gizakia esan). Han utzi nituen aitorleak eta txanda itxaroten zuten bekatariak, eta harpera itzuli nintzen.
Arrosarioa bukatuta zegoen, baina beste meza bat ematen ari ziren. Lekuan eta fededunetan jarri nuen arreta denbora laburrez, eta arratsaldean bueltatzeko asmoz bazkaltzera eta herria ikustera atera nintzen.
Eguerdiko itxialdia eta gero itzuli nintzen. Arratsaldean jende gutxiago zegoen saindutegian, eta taldeak ez ziren hain ugariak; hala ere giroa antzekoa zen: arrosarioak, mezak eta otoitzak etengabekoak ziren. Errituekiko fededunen eraspena harrigarria iruditzen zitzaidan, hain neurriz gainekoa baten batek aurreiritzi barik eta erritoak ezagutu barik ikusiko balu, pertsona haiek antzerki bateko figuranteak zirela pentsatuko luke, batzuk neurriz gaineko antzezpena egiten.
Goizeko zein arratsaldeko ordu batzuk igaro nituen San Michele Arkanjelo-ren santutegian; azaroaren lehenengo larunbata zen. Hainbat aldiz jaitsi eta igo nituen eskailerak; hainbat aldiz sartu eta atera nintzen harpetik; hainbat aldiz geratu nintzen sarrerako fatxadaren aurrean; deigarria iruditzen zitzaidan lekua, lekuan zegoena eta lekuan gertatzen zena; eta xehetasun guztiak nire erretinetan finkatu nahi nituen ahaztezinak bihurtzeko asmoz.
Hurrengo astelehenean itzuli nintzen. Jakin nahi nuen ea lanegunetako giroa antzekoa zen. Jende gutxi aurkitu nuen eta liturgia-emateak urriagoak ziren; bi urritasun horiek jainkozaletasun irudia leuntzen zuten, baina giroa ez zen asko aldatzen. Egonaldia luzatu nuen, eta une batzuetan harpea ia utzik ikustea lortu nuen, beti ere ikustaile baten zaintzapean.