14.- MISTERIOA EZ DAGO ALEGIAZKO LERRO ZUZENEAN

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo 2018ko ots. 27a, 09:24

Misterioak gizakion jakin-minean du sorburu, baina, nonbait irautekotan, gizakien ezjakintasunean besterik ez du irauten (sinesmenekin lotura duenean bederen). Ez dakigu, eta jakin nahi dugu; ez dugu ulertzen, eta ulertu nahi dugu; ez dugu ikusten, eta imajinatzen dugu. Ez jakite, ez ulertze, ez ikustearen gabezia horietatik sortzen dira sinesmenak; eta sinesmenek askoren beharrak asetzen badituzte, liturgia erakargarriaz jantzitako arau bihurtzen dira. Baina, nire ustez, sinesmen sorburu garrantzizkoena beldurrean datza; beldurtzen, ikaratzen edo mintzen gaituena uxatu nahi dugu, eta beldurrak leuntzeko, formula magikoak eta errealitate frogaezinak asmatzen ditugu. Egin dudan bidaiari dagokionez, misterioa ez dago jarraitu dudan alegiazko lerro zuzenean, iruditeria kolektiboan errotutako errealitate frogaezinetan baizik.

 

Bidaia honetan niretzat helmuga izan diren lau lekuetan, aldaketa handiak gertatu dira milaka urtetan. Aldatu da natura eta paisaia; aldatu dira zibilizazioak; aldatu dira naturarekiko harremanak. Ikusi ditudan eraikin harrigarri eta erakargarriek etengabeko prozesu aldakorra jasan dute ere, gizakiek lekuetan egindako lehenengo esku-hartzea lurperatu arte. Guzti horrekin, halaber, sinesmenak aldatu dira, eta alde berean sinesmenek gainontzekoa aldarazi dute.

Mont Saint Michel Belenus jaungoikoari sagaratuta egon zen; argiaren eta suaren jaungoikoa zen, eta abereen zaindaria ere. Erromatarrek Apoloarekin parekatu zuten eta jaungoiko berri batek okupatu zuen Mont Tombe-ko egoitza. Ondoren kristautasuna heldu zen; sinesmen berriak Done Mikel ezarri zuen bertan. 

Saint Michel d’Aiguilhe-ko elizari dagokionez, Le Puy en Velay komunikabide garrantzitsu bateko erreferentziazko hiria bihurtzeko interesek zerikusi handia izan zuten, baina ordezkapen prozesua antzekoa izan zen: Merkuriok Lug jaungoikoarekin parekatu zuten, eta Done Mikelek Merkurio ordezkatu zuen.

Pirchiriano mendian ere errito magikoak egiten zituztenSacra di San Michele egin aurretik;  zeltek gurtza-lekua ezarri omen zuten hemen, baina eliza eraiki baino lehen, kristautasunak lortu zuen antzinako sinesmenak deabruarekin lotzea.

Garganoko San Michele Arkanjelo saindutegia, Done Mikeli sagaratutako lehenengoa izan zen Europan. Done Mikelek Apolo eta Kalkante igarlea (Apoloren biloba) ordezkatu zituen VI. mendean.  Seguruenik 490ean sinesmen eta erritu paganoak mantentzen ziren Garganon; Lorenzo Maioranok, Sipontoko apezpikua, erritu horiek erauzi nahi zituen; helburua lortzeko Done Mikel ager zekion lortu zuen.

Kristautasuna ezarri ondoren, aurreko sinesmenak, erritoak eta Apolo edo beste jaungoikoganako eraspena, ez ziren berehala desagertu. Kristautasuna irmoki ezarrita egon ondoren, Apoloren eta beste jaungoikoen profilak gaiztotu eta deabruarekin lotu zituzten. Horrela Done Mikelek ez zituen Apolo edo Merkurio jaungoikoak ordezkatu, deabrua gainditu baizik. Done Mikelen eta aipatu ditudan jaungoikoen profiletan antzekoak dira ezaugarri batzuk; ezaugarri berdinak mantenduz, jaungoikoak eta bitartekariak aldatu zizkieten sinestunei.

Guzti hori fedearen iruzurrarekin osatzen da. Ulertezina dena ulertzeko nahia asetzeko, edo errealitate frogaezinetan sinetsi nahia betetzeko, fedea asmatu zuten, fedea  dohain bezala ulertuta. Horrela, ez sinesteak ez dauka zer ikusirik sinesten ez duzuna frogaezina izatearekin, fedearen dohaina ez izatearekin baizik. Hau egiatzat hartzen duenak ez du ezer demostratu behar.

Bidaia kontatzeko ikuspuntuaren hautaketa

Fedearen dohaina iruzur horretatik aldentzea ez da erraza, sinesmen hori oso barneratuta izan duzunean. Aspaldi libratu nintzen zama horretatik, baina bidaia egin aurretik Done Mikeli sagaratutako lau santutegi lotuko nituela kontatzen nuenean,  batek baino gehiagok sinesmenekin lotzen zuten nire nahia; baten batek bakardadean bidaiatzea aukera paregabea zela esaten zidan, norberaren barneko eztabaidei erantzuna emateko. Barneko eztabaida? Nik ezagutzen nituen hiru leku paregabeak ikusi nahi nituen berriro, eta ezagutzen ez nuen horien aitzindaria ikusi ere. Deigarria zen niretzat alegiazko lerro zuzenaren mitoa, eta legenda hori ezagutu nuenean berehala bururatu zitzaidan bidaia. Baina deigarria zen, ez sinesgarria.

Bidaia kontatzeko aukeratu dudan ikuspuntuak, bidaia aurretik egin zizkidaten iruzkin haietan dauka abiapuntua.

Benetako misterioa

Bidaia egin aurretik, egin bitartean eta egin ondoren, hainbat erregetza, apezpikutza eta beste agintaritzari buruzko historiak irakurri, ikusi eta entzun ditut. Mont Saint Michelen historian apezpikuak, aita santuak eta erregeak agertzen dira protagonista bezala. Saint Michel d’Aiguilhen apezpiku bat da famatuena. Sacra di San Michele jaun aberats batek eraiki omen zuen aita sainduaren agindua betetzeko, iragan ilun eta susmagarri bateko barkamenaren truke. Zenon enperadoreak bidalitako apezpiku batek Done Mikelen eraspena sartu zuen Gargano mendian; gero, mendetan zehar, erregetzek eta beste agintaritzek gaur ikusten dugun santutegia egin zutela kontatzen du historiak.

Itzal handiko pertsonaia haiek, ez zuten menpekorik izan?; ez zioten inori egin beharrekoa agindu? Mikel Laboak abestutako Bertol Brechten “langile baten galderak liburu baten aurrean parafraseatu daitezke:

Mont Sain Michelen abadia hura, nork eraiki zuen?

Rocher d’Aiguilheko eliza miresgarria eraiki zuten langileak, ze etxetan bizi ote ziren?

Sacra di San Michele bukatu zen iluntzean, nora jo zuten harginek?

Lorenzo Maiorano apezpikuak Gargano bereganatu zuen. Berak bakarrik ote? Ez zuen izan sukaldari bat bederen?

Misterioak iruditeria kolektiboan errotutako errealitate frogaezinetan du egoitza, baina euskarririk gabe ez du irauten. Nire bidaiaren helmugatzat hartu ditudan lau leku eta santutegiak, misterio baten euskarriak dira. Misterioa sustatzeko atondu dituzte, aldatu dituzte historian zehar, gero eta ederragoak bihurtu dituzte. Gizaki arrunt eta ezezagun askok eta askok saiatu behar izan dute etengabeko eraldatze horretan, eta ziurrenik ugariak izan ziren bizitza galdu dutenak ere. Hala ere, erregeei eta apezpikuei ematen zaizkie ospe eta meritu osoa.

Erregeek garraiatu zituzten harritza handiok? Hau da misterioa.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide