Vigoko Praza do Rei ez da leku erakargarri bat; iparraldean udaletxea dago, oso eraikin garaikide, arrunta eta, niretzat, itsusi batean; aurrean aparkalekua ematen duen plaza handi bat du; mendebaldean ikusgarriak diren industria-hondakinak ikusi daitezke, handitasunagatik ikusgarriak, ez edertasunagatik; ziur aski balio handikoak ere badira oraintxe bertan beraiekin espekulatzen dutenentzat.
Plazara heldu nintzenean hainbat kanpin denda kolorgetuak errenkada batean jarrita izan zen deigarriena egin zitzaidana. Denden atzean industria-hondakinak, aurrean babes hesi mugikorrak, eta hesien kontra formatu handiko argazki bilduma Vigoko txirotasuna agerian uzten (“O Vigo que [NON] sorrí”). Hurbildu nintzen erakusketa ikusteko; eta zaharrak ematen zuten kartelak eta mezuak irakurtzeko; eta kanpaldiren historia ezagutzeko, hau udal poliziari egindako deien zerrenda luze batean: dei bakoitza “udal” aterpetik txiro baten kanporaketa salatzeko eginda …
“O Vigo que [NON] sorrí” agerian geratzen zen argazkietan eta argazkien mezuetan zirrarak sortaraziraino. Cosuelorena, tratu txarrak jasan ondoren bi seme-alabekin ihes egin eta labirinto burokratiko batean itotzen den emakume gaztea. Peperena, lana galdu ondoren nabe abandonatuetan bazter bat lo egiteko egunero bilatzen duena. Roberto Carrerarena, istripu batengatik lan on bat galdu zuena, eta orain, dena galduta, erortzear dagoen etxe ziztrin batean bizi behar duena. Merchy Fernández-ena, hiru semeren ama, 2016an bere etxea galdu zuena, eta errekurtso nahikorik ez izateagatik Vigotik kanporatua izan zena. Juan Miguelena, Castrelos parkean bi urtez lo egin zuena; gose-greba egin behar zuen bere egoera hobetzeko, baina kanpaldian jarraitzen du “inork kalean ez dezala lo egin behar, eta etxerik gabeko pertsonen oinarrizko eskubideak bermatzearen alde borrokatzeko”. Suso Aguayorena. Veronica Cajaravillerena. Elisa Pérez-ena. Eta beste askorenak.
Dena ikusita han zeudenekin hitz egitera hurbildu nintzen. Kanpaldiak urte bat eta lau hilabete beteko du laster; Juan Miguelek ekimenaren historia kontatu zidan: polizien jazarpenak, kanpin denden hondamena, gose-greba, atxiloketak, herritar askoren aporofobia, … eta dagoeneko 20 topaketa kulturalak baino gehiago. “Só queremos que a xente non durma na rúa”.
Bi egun beranduago etxean nengoen eta kanpadenden aurreko babes-hesiak kendu dizkietela enteratu nintzen. Ekintzaileek ondo, baikortasunekin ikusten dute. Borrokak jarraitzen du; helburuak ez dira aldatu: “pedir unha xuntanza co alcalde da cidade, Abel Caballero, y denunciar a pobreza que esconde Vigo”. Ekintzaileak baikorrak dira; irabazi ezin daitekeen borroka bakarra egiten ez dena da.