Ezezagunen arteko ustekabeko topaketa batengatik izan zen. Santiago de Txileko Euzko (sic) Etxean euskara ikasten zuen ikasle talde batekin arratsaldea eta gauaren zati handi bat igaro nituen.
Ondorengo harremana zenbait argazki posta elektronikoz bidaltzera eta sare sozialen bidez albiste batzuk trukatzera mugatu zen. Nire solaskidea Niko Miranda izan zen.
Duela urtebete, Txileko herria aldaketarako errebindikazio kolektibo ikusgarri batean altxatu zenean, Niko eta bion arteko mezu truke harremana suspertu egin zen eta erregularra bihurtu da. Ez da euskara, ezta “lo vasco” ere, hurbiltzen gaituena; errepresioaren, desberdintasunen eta injustiziaren aurreko sintonia dela uste dut. Txileko herria guzti horren aurka altxatu da. Andy Robinsonek “Oro, petróleo y aguacates” liburuan dioenez, txiletarren amorrua “es la misma que la del ciudadano medio español o inglés. Pero con una diferencia, los europeos no habían sabido identificar con la perspicacia chilena a los verdaderos culpables de la monumental estafa de la democracia neoliberal”.
Nikoren azken mezuetako batean jakin izan dut dagoeneko ez dela Euzko (sic) Etxera joaten. Ezin da joan. Bota egin dute. Arrazoia: euskarari duintasuna ematearen alde tematzeagatik, nik ezagutu nuen beste ikaslearekin batera. Haien helburuak: Santiagoko Euzko Etxean Euskararen irakaskuntza ez dadila izan "euskalduntasunarekin gargarak egiteko"; eskolak antolatu, zuzendu eta emateaz arduratzen diren pertsonek errespetuz, prestutasunez eta zintzotasunez egin dezaten; eta Etxepare Euskal Institutuaren bidez Eusko Jaurlaritzatik horretarako jasotzen diren baliabide ekonomikoak, euskara irakastera bidera daitezen. Guzti honetan, agian, desberdintasunarekin nazkatuta dauden txiletarren amorrua ere islatzen da.
Baliteke Niko Miranda Euzko Etxera ez itzultzea, baina euskarak defendatzaile bat izango du Nikorengan. Hauek dira Santiagoko Euzko Etxearen zuzendaritzara bidali duen gutun baten hitzak:
“Hacer gárgaras con “lo Vasco” no sirve de nada, es solo un acto infantil si no se le da dignidad y respeto al pilar fundamental: el Euskara. Se me viene a la cabeza el escultor Jorge Oteiza, donde, sin analizar su obra, compleja, larga y multidisciplinaria me quedo con un eje conceptual propuesto por él: la esencia de lo vasco radica en la búsqueda de justicia”.
(Gutuna pdf formatuan erantsita dago).