BIDAIA

Munduko eguzki-erlojurik handiena

Erabiltzailearen aurpegia Jose Mari Gutierrez Angulo 2023ko mar. 21a, 06:50

Josunek eta biok egin dugun azken bidaiaren ibilbidea Zaragozatik pasatu da. Munduko eguzki-erloju handi eta zehatzena eta bi dorre inklinatuak (bat desagertua) izan dira handik igarotzeko arrazoiak. El Pilar ere han dago; pertsona askorentzat heroikoa den iruditeria kolektiboaren parte bat da, baina beste batzuentzat inposatua eta iluna. Beraz, El Pilar eta bere aurrean zabaltzen den plaza erraldoia ere kronika honetan daude.

Beste bidaia batzuk egitera bultzatzen duten bidaiek

Badira hain bidaia emankorrak beste bidaiak egitera bultzatzen zaituztela. Azken aldian egin duguna Zaragozatik igaro da. Hiri horretan egona nintzen, baina inoiz ez zen niretzat bidaia baten helmuga edo helburu zehatza izan. Hala ere, bertatik igarotzen dira beste ibilera batzuek iradoki zizkidaten ibilbideak.

Aragoiko hiriburutik igaro nintzen lehen aldian Ebro ibaiaren ibilbidea bizikletan jarraitzen ari nintzen semearekin. Oso geldialdi laburra izan zen hirian egin genuena, baina San Juan de los Panetes dorrea, Plaza del Pilar-eko erraldoiaren ipar-mendebaldeko muturrean, nire oroimenean grabatuta geratu zen haren irudiagatik, izenagatik eta okertuta egotearen berezitasunagatik. Pisako dorreaz gain, makurtutako beste dorreak ere badaudela ikusi eta ikasi nuen. Bujalance, Cordoba, eta Pisaren artean dozena bat baino gehiago daude Europako hegoaldean. Egunen batean guztiak lotzen dituen ibilbidea egingo nuela esan nion neure buruari. 2023ko otsailean Josune eta biok Zaragozan egon ginen ibilbide horren zati bati jarraituz.

Zaragoza bisitatzeko beste arrazoi bat ere bazegoen: munduko gnomon handiena duen eguzki-erlojua ikusi nahi nuen. Urte bat lehenago, Boloniara egindako lehen bidaian, San Petronio katedralean sartu izan ez banintz ez nukeen haren berri izango. Boloniara beste helburu batekin iritsia nintzen, 2017an nire buruari jarritakoa Mont Saint Michel eta Gargano mendien arteko beste bidaia baten ondorioz. Azken hau egiteko ideia ere ustekabean sortu zen Josunek eta biok Saint Michel d 'Aiguilhe-ko, harkaitz-orratz zorrotz batean, elizaren eraikuntza ikaragarria aurkitu genuenean (Le Puy en Velay-ko Komuna, Loira Garaian).

Boloniako San Petronio katedralean “meridiana” bat dago, lehen aldiz ikusi nuenean munduko eguzki-erlojurik handiena ikusten ari nintzela uste nuen (hala irakurri nuen informazio turistikoko liburuxkaren batean); 66,8 metroko luzera du. Interneten ikusi nahi izan nuen zer esaten zen horretaz, eta enteratu nintzen munduko eguzki-erlojurik handiena Zaragozan zegoela, gutxienez 2013ko uztailaren 10etik, Guinness World Records-en arabera. Boloniako katedraleko eguzki-erlojuak (meridiana hobeto esanda) Zaragozakoa ikusteko gogoa piztu zidan. Eta Bolonia, bi dorrengatik ere ezaguna, Zaragozarekin gurutzatu zen beste bidaietarako bi ardatz tematikotan: eguzki-erlojuak eta dorre inklinatuak.

Beraz, Boloniako San Petronio meridianak, munduan dagoen luzeentzat ematen dena, Zaragozako eguzki-erlojura eraman ninduen. Meridiana monumentalak gordetzen diren tokiak bisitatzea bidaia baten hasiera ere izan liteke; artikulu honetan aipatzen direnetara iristen bagara, Florentzia, Milan, Palermo, Erroma, El Escorial... bisitatuko genituzke. Baina orain Zaragozan eta bere eguzki-ordularian gelditzen naiz, nahiz eta helmuga horretara dorre makurtu pare batek ere eraman gaituen.

Dorre fantasma bat

Otsailaren 11ko (larunbata) arratsaldeko lehen orduetan iritsi ginen Zaragozara. Erromatarren harresietako dorre batean dagoen turismo-bulego batean, San Juan de los Panetes elizari ia itsatsita, hiriaren plano bat eskatu genuen. Arreta eman zigun neskak mapan hiriko lekurik esanguratsuenak seinalatu ondoren, munduko eguzki-erlojurik handienaren kokapenaz galdetu nion. Galdera entzutean agertu zuen harriduragatik bazirudien ez zekiela zeri buruz galdetzen nion. Zalantza une baten ondoren Interneten kontsultatzen hasi zen. Azkenean aurretik emandako planoan bilatu zuen erlojuaren kokapena markatzeko. Eguzki-erlojua mapatik kanpo zegoen; eskuineko ertzean gezi bat marraztu eta nola iritsi adierazi zigun.

Munduko handiena! Orain badakit beste leku bat eskaini behar dugula esan zigun.

Inork ez al zion ordura arte galdetu?

Hurrengo egunerako utzi genuen erlojuaren bisita eta hiriaren erdigunea zeharkatu genuen. San Felipe plazan terraza batean eseri ginen; bertako mahaiek desagertutako Torre Nueva-k hartzen zuen espazioa betetzen zuten. 1893az geroztik dorre horren aztarna ez da lurrean dagoen bere perimetroaren marka bat baino. XVI. mendearen hasieran eraiki zen; eraiki eta gutxira hasi zen makurtzen. XIX. mendearen amaieran dorrearen eraispena erabaki zuten. Erabakiak aldekoeen eta kontrakoen arteko eztabaida sutsua sortu omen zuen. Dorrearen makurdura eta abandonu-egoerak eragindako ustezko hondamendia izan ziren arrazoiak eraisteko. Torre Nueva dorre zibil bat zen, erlojua eta kanpaiak gordetzeko eraikia; hauek hiritarrei bizi ziren ordua gogoratzean hiriaren erritmoa gobernatzen zuten. Gaur egun geratzen den aztarna brontzez egindako lerro estu bat da; dorreak okupatzen zuen perimetro oktogonala mugatzen du; ostalaritza terrazak lekuaren ikuspena zailtzen du. Terrazak, bere altzariek eta mahaietan dauden bezeroek ez dute eragozten brontze bihurtutako gazte baten begirada; lurrean eserita eta belaunak besarkatuz 80 m gorago dagoen puntu imajinario bateraino altxatzen du. Estatua zoruko harlauzetan zirkunferentzia handia marrazten duen lerro baten gainean esertzen da; irudiaren oinak zirkuluaren barruan bermatzen dira, irudiak muga gaindituz barne-espazioa okupatzeko eskubidea aldarrikatuko balu bezala, eta espazio horretan iraganeko denboran egoteko eskubidea, han begiratzeko zerbait harrigarria zegoen denbora.

Inposatutako memoria batek kutsatutako espazioa

Plaza del Pilar erraldoira itzuli ginen. Hego-ekialdean Plaza de la Seok eta El Salvador katedralak ixten dute enparantza. Ipar-mendebaldean San Juan de los Panetes dorrea nabarmentzen da Hispanitatearen Iturriaren atzean, iturri hau 1991n eraikia. Erdian basilika irekitzen da plazara.

Basílica de Nuestra Señora del Pilar: ikusi beharrik gabe izenak bakarrik erreproduzitu dezake entzuten duenaren buruan elizaren kupulek bere linternekin eta lau dorreekin osatutako silueta. Hori gertatzen zait niri behintzat, seguru asko eskolara joaten hasi nintzenetik aldian behin bonbardatzen gintuzten diskurtso apologetiko etengabearengatik; nire belaunaldiko pertsona askori gauza bera gertatzen zaiola uste dut1.

Basílica del Pilar-aren silueta, zeruaren kontra ebakia edo Ebron islatua, ez zen gaur egun ikus dezakegun bezala izan 1961era arte; urte horretan inauguratu ziren iparraldeko bi dorreak, Ebrora ematen dutenak. Plaza ere ez zen hain handia; 1939ra arte askoz ere leku txikiagoa betetzen zuen. Plaza zabaltzeko proiektuak hamarkada batzuk bazituen ere, 1936ko amaieran eman zitzaion behin betiko bultzada Zaragozako Udaleko osoko bilkura batean, eta 1939an hasi ziren eraispenak eta obrak. Ordurako Pilarreko Ama Birjinaren erabilera oso koipeztatuta zeukaten kolpistek; ondoren, erregimen nazional-katoliko eta faxistak doktrinamendurako eta propagandarako ikur gisa erabiltzen jarraitu zuen. 1936ko amaierako osoko bilkura hartan, Loscertales teniente koronelak, kolpista eta Udaleko ordezkari militarrak, hitz hauek esan zituen Plaza de las Catedrales (izena gero aldatu zuten) proiektuari buruz2: “… hay que realizar una activa y eficaz propaganda que llegue al pueblo. Yo no quiero que este proyecto sea sólo de Zaragoza. Tiene que patrocinarlo España entera y todos los católicos del mundo que hablan el español”.

Iragana da, baina ez da batere harritzekoa XXI. mendean ondo sartuta gaudenean, norbaitek bere buruari galdetzea: “¿Es la Virgen del Pilar facha?3. Basilika bisitatzea deserosoa da edukitzailea eta haren eduki fisikoa bakarrik ikusi nahi duenarentzat: megafoniaz tokiaren izaera erlijiosoa etengabe gogoratzen dizute, meza kontaezinek espazioaren zati handi batean ibiltzea eragozten dizute, erregimen faxista baten apologia edo fundamentalismo erlijiosoaren propaganda diren elementuak jasan behar dituzu. Baina, zer espero daiteke Espainiako Armadako Kapitain Jeneral titulua duen irudi bat beneratzen den tenplu batean? Eta zer beste Errege Agindu batek polizia-gorputz kolpista, faxista eta errepresibo baten zaindari izendatu zuen irudia beneratzen den tenplu batean? Zaragozan edo beste edonon beste birjina gerlari batzuk hala nola Atenea, edo Artemisa edo valquiriak... (inork sinesten ez dituen birjinak) giroa iragan negargarriari hainbeste erreferentziaz egiten ez lukete blaituko.

Igandean, Aljaferia bisitatu ondoren (bisita derrigorrezkoa eta oso interesgarria, baina horretaz hemen ez dut ezer esango), Plaza del Pilar-eraino itzuli ginen. Lasai ikusi nahi nuen basilikako fatxadaren aurreko zoruan marmolezko gurutze irregular bat, baina aurrera egin genuen gelditu gabe. Gizon zahar eta apur bat makurtua bera baino altuagoa zen makila zuri batean sostengatzen zen. Makilaren goiko muturretik, lore hori sorta batez apaindurik, hainbat mezu zintzilikatzen ziren; abortua, ezkontza homosexualak, separatismoa eta beste bekatu batzuk deabrutzen zituzten, eta haien kontra mobilizatzera gonbidatzen zuen. Larunbatean han ikusi genuen arratsalde osoan. Hurbiltzen zenari, gurutze hark zer esan nahi zuen ere esaten zion: miraria. 1936ko abuztuaren 3an lehertu ez zen bonba bat erori zen bertan. Beste bi, lehertu ere egin ez zirenak, basilikaren barruan erori ziren; Ama Birjinaren Camerino-tik gertu dagoen zutabe batean daude ikusgai; fabrikatik irten berriak dirudite, inolako urradurarik gabe. Haien gainean, Latinoamerikako bost bandera handi daude. Bonba hauek bai, lasai ikusi ahal izan genituen, jende gehienak Camerino edo inguruak betetzen baitzuen; bertan, protokolo zorrotz bati jarraituz, haurrak eta haurtxoak igarotzen baitziren Ama Birjinaren mantutik etengabe.

1936ko abuztuaren 2tik 3rako gauean lekukoren batek bandera roji-gualda ikusi zuen bonbak bota zituen hegazkinean, besteren batek hiru kolorekoa... Ezinezkoa zen bonben leherketa, jaurtitako garaiera txikiagatik. “Ordu gutxi batzuetan narratiba bat egin zuten miraria eta gorrotorako deiak nahastuz”.

Multicaja-Zaragoza eguzki-erlojua

Harrizko Zubira bidean plaza utzi eta Ebroren beste aldera igaro aurretik udaletxearen hego-ekialdeko izkinan gelditu ginen; metalezko plaka batek, herdoil kolorekoa, 1936an eraildako zinegotziak eta udal langileak gogorarazten ditu; hientzat Ama Birjina gerlariak ez zuen inolako miraririk egin. Plaka basilika eta plaza baino askoz xumeagoa eta umila da, baina ideologia jakin baten fundamentalismoak eta apologiak zure inguruan sortzen duen sentsazioa, agian oso subjektiboa, arintzeko balio du.

Erriberako pasealekutik aurrerantz, Ebroren ondoan dagoen oinezkoentzako gunetik, Ekialdeko Parketik aldentzen gintuzten ia bi kilometroak egin genituen. Puente del Marqués de la Cadena-ren azpian igaro aurretik, munduko eguzki-erloju handi eta zehatzenaren gnomoaren alderik garaiena ikusi ahal izan genuen. Vadorrey-ko ibai-ontziralekura iritsi gabe, erlojuaren espaziora igo ginen. 3.700 metro karratu baino zertxobait gehiago dituen espazio zirkular baten erditik, gnomona 41,27º-ko angeluan altxatzen da iparralderantz; 46 m-ko luzerarekin haren muturra lurretik 30,343 m-ra amaitzen da.

Bere sorkuntzaren ideia Juan Antonio Ros ingeniari, poeta eta artistarena izan zen. 2008an, Expo Zaragoza inauguratzear zegoenean proiektu kategoria zen artean. Gnomonaren instalazioa 2009ko amaieran egin zen. 2013ko uztailaren 10etik munduko gnomon handiena izatearen errekorra du, Guinness World Records-en arabera. Hala ere, hamar urte baino gehiago igaro behar izan ziren proiektua amaituta egon zedin; dagoen plazaren zoladura ez zen 2020ko udara arte amaitu.

Ordulariaren plazan ordutegi dial bat dago gnomon erraldoiaren azpian; bertan, minutu laurden bakoitza seinalatzen duten marketan orduak irakur daitezke. Hormigoizko arrapala bat igotzen da dialetik Marqués de la Cadena kaleraino; bertan, gnomonaren itzala proiektatzen da eguerdian, luzea neguan eta laburra udan. Diotenez, egun batzuetan 500 m-raino proiekta dezake bere itzala; distantzia horretan minutuko 7 m mugitzen dela ikus daiteke.

Reloj Solar Multicaja-Zaragoza da izen ofiziala. Juan Antonio Ros da instalazio erraldoiaren sortzailea; bide-ingeniari, poeta eta artista honen izena esfera disdiratsu batean agertzen da, eta haren egilea ere bada. 2 metroko diametroa duen altzairuzko eta letoizko bola bat da; lanak hainbat tamainatako kraterrak ditu. Horietako batean, gnomonaren itzalak dialean markatzen duen ordu zehatza zein den jakiteko erabili behar diren datuak irakurtzen dira; diseinuari buruzko informazioa ere badago. Gnomona inguratzen duen zirkuluaren hegoaldeko muturrean idulki zirkular baten gainean jarrita dago. Egileak “Asteroide izena jarri zion.

Erloju plazara iristean ez zegoen jende askorik, haur gutxi batzuk zebiltzan korrika edo bizikletan, senideak begira edo haiekin jolasean ari ziren bitartean; pertsona batzuk paseoan espazio hura zeharkatzen; besteren bat gure jakin-min berarekin... Erloju Plaza ia hutsik zegoen arratsaldeko lehen orduetan alde egin genuenean. Berriz ere Erriberako pasealekua ibili, Harrizko Zubia zeharkatu eta Plaza del Pilar-era iritsi ginen.

Tranbiaz erdigunetik urrundu baino lehentxeago, egun hartako azken argazkia hartu nuen nire kameran. Basilika eta zoruko granitozko lauzetan txertatutako marmolezko gurutze irregulararen artean, makulu zurian bermatutako gizona ez zegoen. Apologia homofobo eta faxistaren mezuak berarekin joanak ziren. Bere hitzaldi astun eta gogaikarriak ez gintuen gehiago inguratuko. Zoruko ustezko gurutzea ez da gurutze bat ere, edo jada ez zegoen gizonaren diskurtsoa bezain deformatua eta faltsutua dago.

 

11 11BELTRÁN ABADÍA, Ramón (2017): Una y grande. Ciudad y ordenación urbana en Zaragoza (1936-1957), Zaragoza, Institución Fernando el Católico.

Liburu hau esteka honetan irakur daiteke: https://ifc.dpz.es/recursos/publicaciones/36/17/_ebook.pdf

Egileak hau esaten du konklusioetan:

«... se han estudiado las líneas rectoras de esas nuevas políticas municipales, que pueden resumirse en los siguientes puntos:

Adaptación de la ciudad a las necesidades ideológicas del Nuevo Estado (...)

Utilización del urbanismo como instrumento político de sometimiento (…)

Utilización del urbanismo como herramienta de reproducción del capital (…)»

 

22 22https://bibliotecavirtual.aragon.es/prensa/es/catalogo_imagenes/grupo.do?path=3700368&posicion=1&registrardownload=0

 

Esteka honetan José Ramón Marcolaren artikulua irakur daiteke: ¿Quien tiró las bombas sobre el Pilar?. 135. zenbakiko ANDALÁN astekarian argitaratu zen (1977ko urriaren 14tik 20ra) (Argitalpen faksimilea; or. 10). Sarreran honela dio:

«En la madrugada del día 3 de agosto de 1936, un avión —republicano, según los sublevados; rebelde, según versiones que sólo ahora pueden hacerse públicas-, arrojaba sobre el templo del Pilar tres bombas que, «milagrosamente», según unos, o, «lógicamente», según otros, no llegaron a estallar. El suceso —acaecido a tan sólo 15 días del pronunciamiento militar contra la II República, en una ciudad de primordial interés estratégico como Zaragoza— puede ser calibrado de decisivo en el planteamiento general de la Guerra Civil y, muy concretamente, en el sentimiento que fue su columna vertebral: el de Cruzada. 41 años después de aquella fecha, el hecho sigue pidiendo a voz en grito la necesaria clarificación que le confiera un carácter del que, mientras no se demuestre lo contrario, carece: el implacable rigor histórico».

 

33 33CONEJOS MONTALAR, M.A (20 noviembre, 2018). ¿Es la Virgen del Pilar facha? Arainfo. https://arainfo.org/es-la-virgen-del-pilar-facha/

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide