Kolore berde ugariko mantu batek estaltzen du 29 urte geroago berriro ibili dudan lur-mihi luze eta malkartsua. Oraingoan ez naiz bakarrik ibili, Aimarrek, nire semeak, laguntzen nau. Athos lehen aldiz zapaldu nuenean ez zen orduan jaio. Lekua ezagutu dut, baina ez nago ziur duela ia hiru hamarkada ikusi nuen edo ikusi uste nuen bera denik.
Agion Oros
Athos Greziako ipar-ekialdean dago; Kaltzidiako hiru penintsuletatik ekialdekoena da. 57 km luze duen lur-mihi estu bat da, gero eta garaiagoa itsasoan sartu ahala. Bere zabalerarik handiena 10 km pasatxokoa da, istmoan 2 kilometro baino ez dituena. Egeoko mutur aurreratuenean piramide zurixka eta arrokatsu bat itsasotik sortzen da bat-batean eta 2.033 metroraino altxatzen da; Athos mendia, penintsula osoari izena ematen diona. Baina bertako biztanleek eta eliza ortodoxoak beste era batera deitzen diote: Agion Oros, Mendi Sakratua.
Istmotik kilometro gutxira muga gaindiezin bat dago; Agion Oros-era, Mendi Sakratura, ortodoxiaren eta haren espiritualtasunaren babesleku bihurtutako lurralde batera iristea eragozten duen horma bat. Muga horrek uhartetasun paradoxikoa ematen dio Athos penintsularen zatirik handienari; benetako ortodoxiaren eta haren espiritualtasunaren gotorleku hori kontinenteari lotuta egon arren, itsasoz bakarrik sar daiteke bertan, eta hori zailtasun askorekin.
Penintsula Greziako Estatuaren zati izan arren, Agion Oros-en autonomia hain da handia, ia independentzia osoa duela esan daiteke. Duela mila urte baino gehiago ezarritako muga batek mundu osoko beste herrialdeetatik bereizten du estatu monastiko hau, errepublika teokratiko moduko bat den hau, ia penintsula osoa hartzen duena. 20 monasterio ortodoxo dira azaleraren 336 km karratu ingururen jabeak, eta inoren esku-hartzerik gabe gobernatzen dute beren burua. Parlamentu moduko bat daukate: Iera Kinotis (Kongregazio Santua); monasterio bakoitzak kide bat du bertan. Gobernu bezala defini daitekeena Iera Epistasia (Administrazio Sakratua) da, lau kidez (epistates) osatua; horietako lehena (protoepistates), berdinen arteko lehena baino ez dena, beti bost monasterio nagusietako bati dagokio (Lavra, Vatopedi, Iviron, Dionisiou eta Khilandari). Karies, penintsularen erdialdean, hiriburua da. Bertan bizi behar dute Iera Kinotis-eko kideek agintaldiak irauten duen urtean. Bere egoitza Athos Mendiko eliza nagusiaren aurrean dago, Protaton izenekoa; eliza honetan monasterio bakoitzak bere izena duen eserleku bat dauka.
Greziar estatuak ere badu egoitza bat Karies-en; bere eskumenak polizia eta aduana funtzioetara mugatzen dira. Kanpo Arazoetako Ministerioaren menpe dago Greziako estatuak penintsulan duen presentzia Agion Oros-en autonomia ia erabatekoa azpimarratzeko.
Itsasoak, 112 km-ko kostalde batean zehar, eta ekialdeko eta mendebaldeko kosten artean penintsula zeharkatzen duten harresi eta alanbre-hesi batek espazio berezi hori bere baitan gordetzen dute. Milurteko bat baino gehiagoz penintsulako biztanleek inperioen segida, zismen sorrera (horietan parte hartu dute) eta estatuen sorketa ikusi dituzte, baina gaur arte mundutik aparte mantentzea lortu dute.
Ezkutatzen denaren misterio erakargarria.
Ezkutatzen den erakarpena izan zen Athosera lehen aldiz bidaiatzeko arrazoietako bat; 29 urte geroago, historia geldiarazi eta denbora fosilizatu nahi izan duten leku batean egon izanaren esperientzia errepikatzeko, alderatzeko eta partekatzeko egin dut.
Landare-masak Athos mendiaren azalera malkartsu, aldapatsu eta bihurria apaltzen du. Ouranopolisetik Dafniraino nabigatzen ari ginela (estatu monastikotik hurbilen dagoen herritik Agion Oros-eko portu eta sarrera nagusiraino) penintsularen zatirik handiena estaltzen duen zuhaiztiak bere azalera leuntzen zuen. Hego-ekialderantz Athos mendiaren gailurra bakarrik agertzen zen biluzik, harkaitzaren argitasuna erakutsiz eta penintsulako eskeletoa osatzen duten ildaxkak, tolesturak eta xirripak agerian utziz.
Dafnira helduta hegoalderuntz abiatu ginen. Mendebaldeko kostalde gorabeheratsuan barrena, etengabe igo eta jaitsi behar izan genuen sakanak saihesteko, uharrak gainditzeko, ehunka metroko altueratik itsasora begiratu eta berriro jaisteko kala bat zapaldu arte. Senaditik berriro igotzen hasten ginen. Udaberria oin azpitan eta begien parean genuen. Hurbiletik dena ez zen berdea; lore urdinak, horiak, gorriak, zuriak... igotzen ginen mendi-magalak apaintzen zituzten, gure botak ukitzen zituzten edo itsasora begira jartzen ziren. Bat-batean, bihurgune baten atzean edo beste isurialdera iristeko mendiaren tolestura bat gainditzean, eraikin ikusgarriren bat agertzen zen: monasterio bat, ehunka metrotik goitik itsasora begira dagoen haitz baten gainean, zurezko balkoi jarraitu bikainez inguratutako eraikin batzuk. Grabitatearen indarrak ez du eraginik fatxadetan esekitako galeria haietan.
Udaberri oparoak Agion Oros-en gainazala bizitza ugalkorraz janzten zuen; hala ere, itsasoan murgildutako eta garaitutako erraldoi baten gainean ibiltzen ginen. Diotenez, penintsula hau Athos erraldoia baino ez da, jainko olinpikoen aurka matxinatu zirenetako bat. Itsasoan aurreratuen dagoen muturrean 2.033 metroraino altzatzen den mendia erraldoiak jainko olinpikoen aurka jaurti zuen harritzarra izango zen. Porrot egin omen zuen. Beste bertsio baten arabera, Poseidon jainkoak bota zuen erraldoiaren buru gainera betiko inmobilizatzeko. Geroago, Hera jainkosak mendia erabili zuen laguntza moduan Olinpoko gailurra utzi zuenean eta 'Traziako mendi elurtuak irabazi eta Athosetik itsaso asaldaturaino jaitsi zenean'. Bidaia hartan, jainkosaren helburua Zeusekin oheratzea eta hau lokartzea zen, akeoei troiarren aurkako gerran laguntzeko.
Antzinako panteoi helenikoaren kontakizun mitologikoak oso erakargarriak izan arren, badira mende asko Athos menditik erbesteratuak daudela. Han ez dago lekurik jainko eta heroi pasional eta apetatsu, atsegin edo bortitzen istorioentzat. Penintsula izendatzeko, bertako biztanle eta jabeek erraldoi mitologikoaren izena bahitu dute Agion Oros-ekin ordezkatuz; mendiaren gailurrari ere beste era batera deitzen diote: Metamorfosi Sotiros (Salbatzailearen Metamorfosia).