1998tik Athos Mendia Gizateriaren Ondarea da, baina gutxienez gizadiaren erdiak debekatuta dauka errepublika teokratiko honetan sartzea. Edonork ez du Estatu Atonitan sartzerik. Katalanek, adibidez, debekatuta izan zuten XIV. mendetik 2005era arte; Kataluniako mendekua deiturikoa izan zen debekuaren arrazoia. Monakoen gorrotoak zazpi mende iraun zuen, Generalitateko Gobernuak Vatopediko monasterioa eraberritzeko laguntzetan ehunka mila euro oparitu arte. Baina sartzeko inongo baimenik ez dutenak emakumeak dira.
Emakumeak Athosen
Katalanek Athos bisitatzeko baimena lor zezaketen (gizonezkoak baziren soilik), beren nazionalitatea ezkutatzea erraza delako; emakumeek, aldiz, debekatuta daukate Konstantino IX.a Monomakosek emandako 1046ko ediktuan hala jaso zenetik.
Emakumeei Athosen sartzeko debekua ez da aldatu historia osoan zehar. Hala ere, arau hori behin baino gehiagotan urratua izan da. Bulgariako Helena Athosen egon zela dioen legenda alde batera utzita (lurra ez zapaltzeko beti palankinean garraiatua izan zela esaten dute), hainbat aldiz sartu dira emakumeak Agios Oros-en, bakan batzutan monakoen baimenarekin. Estatu monastikoak gutxienez bi aldiz baimendu zuen hainbat emakume eta nesken egonaldia: gizarte-matxinaden garaietan edo Greziako independentzia-gerran haien familiekin sartzea utzi zieten.
XX. mendearen lehen erdian, gizonez mozorrotutako beste batzuek ere debekua hautsi zuten. Maryse Choisy kazetari frantsesak 1920ko hamarraldiaren amaieran, zorrotz eta zehatz-mehatz gizon mozorrotuta, Athosen bizi izan zen hilabete batez; ondoren, liburu batean argitaratu zuen bere abentura. Handik gutxira, 1930ean, Aliki Diplarakou emakume ausart, poliglota eta independentea (lehentxeago lehen Miss Europa greziarra izan zena) gizonez jantzi ere bazen Athosen sartzeko. Beste emakume greziar batek, Maria Poimenidouk, araua hautsi zuen 1953an; honen abenturaren ondorioz, Greziak delitu gisa definitu zuen emakumeek espazio atonita urratzea; ausardia hori izateagatik ezarritako zigorra bi hilabete eta urtebete arteko espetxe-zigorra da.
2008ko urtarrilean hamar emakumek aurre egin zioten zigor horri protesta-manifestazio batean monako-lurraldera sartzeagatik. Ez zuten manifestaziorik egin emakumeei sarrera debekatzearen aurka. Monaserio batzuek 800 bat hektareaz jabetu nahi zuten Athos menditik kanpo; emakume haiek eta beste ehunka manifestari mobilizatzen ari ziren asmo horren aurka. Ez ziren mugatik urrundu eta ez ziren 20 minutu baino gehiago egon, baina Agion Oros-en sartzeagatik epaitu zituzten. Urte bereko maiatzean, poliziak lau emakume moldaviar atxilotu zituen; pertsonen salerosketa-sare baten biktimak ziren eta monjeek barkatu egin zituzten.
Athos mendian emakumeak sartzeko debekua zalantzan jarri da behin baino gehiagotan Europako Parlamentuan. Athos Greziaren parte bat da, Europar Batasuneko estatu batena. Emakumeak sartzeko debekuak sexuagatiko diskriminazioa eta zirkulazio-askatasuna mugatzea dakar. Baina Greziako Konstituzioak Athos mendiaren autonomia onartzen du. Konstituzioa bat dator Athos mendiaren Estatutu Gutunarekin. Estatutu hori monasterioetako bost ordezkarik idatzi zuten 1924an, eta Greziako Parlamentuak lege gisa onartu zuen 1926an. Grezia Europar Batasunari Atxikitzeko Azken Aktan ere estatutu hori aitortzen da.
Orain arte, milaka urteko arauak aldatzeko ahaleginek ez dute inolako emaitzarik izan.