Euskaltzaindiaren hiztegian gezur hitzak adiera bat besterik ez du: egiaren kontra ohartuki esaten den gauza. Baina badaude hainbat gehiago (RAE-n, adibidez); haien artean: nahastea eragin, zerbait faltsutzea, itxurak egitea. Euskaltzaindiarena nahikoa izan liteke gezurra zer den argi adierazteko, nahiz eta adieraren esan aditzak gezurraren eremua gehiegi mugatu.
Otsailaren 14an, Laudioko gobernu taldeak Osasun sailburuarekin bilera izan zuen anbulatorioari buruzko kezkak eta eskaerak mahaigaineratzeko. Gobernu taldeak plazaratutako prentsa-oharrean azaltzen dira Gotzone Sagardui sailburuari egin zitzaion hiru planteamenduak: mediku arreta denbora osoan bermatzea anbulategian; medikurik egon ezean herritarrei behar bezala informatzea anbulategira joan aurretik han artatuko zaien edo ez jakiteko; eta Laudiori (eta Aiaralde osoari) inposatutako anbulategi edo erietxe berrian sortu eta sortuko diren arazo eta egoera problematikoei konponbideak bilatzeko eta behar diren baliabide guztiak bermatzeko harreman egonkorra ziurtatu agintari jakin batekin.
Ainize Gastaka alkateak eta bileran egon ziren gainontzeko gobernu taldeko kideek egin dituzten adierazpenen arabera, eta Osasun sailak eman zituen azalpenak kontuan izanda; gaur dugun egoera mantenduko da eta noiz arte iraungo duen ezin da jakin. Hiru eskaerei emandako erantzuna honakoa izan zen: mediku arreta ez da bermatzen denbora osoan; urgentzia batean herritarrek anbulategira iristean jakingo dute han artatuko zaien ala ez, egoera zein den jakiteko aplikazio bat prestatzen duten bitartean gutxienez; eta, azkenik, bi erakunderen arteko harreman estua bermatzeko sailburuak Osakidetzako webgunean kontsulta daitekeen zerrendara bideratu zuen gobernu-taldea.
Osakidetzak prentsa ohar bat plazaratu zuen esanez Laudioko Udalak eman zuen bileraren bertsioa ez zela zuzena, partziala dela. Bertan ez du gobernu taldeko kideek plazaratutakoa ezeztatzen. Bi bertsioak adi-adi entzun edo irakurri ondoren argi ikus daiteke Osakidetzak emandakoan puntuz puntu errepikatzen dela udalak emandako informazioa.
Udal ordezkarien bertsioan esaten da Osakidetzak ez duela bermatzen mediku baten etengabeko presentzia larrialdi zerbitzuetan. Osakidetzaren erantzunean esaten da garrantzizkoa dela “bermatzea osasun erantzuna egotea edozein kasutan, medikua egon edo ez, une jakin batean, ...”; medikua egon ezean beste zentrora bideratzen da gaixoa edo zauritua. Medikua egon edo ez: esaldia ulertzea ez da zaila; minez egiaztatu dugu noizbehinka medikurik ez dagoela.
Udal ordezkariek planteatu zuten herritarrek larrialdi zerbitzuetara joan behar dutenean aldez aurretik jakin behar dutela zerbitzu medikua egongo den ala ez. Osasun erakundeak erantzun zuen anbulategira joanda informazioa emango zaiela herritarrei; horrez gain aplikazio bat prestatzen ari direla informazio hori eskaintzeko, ez dakite noizko. Udalarena eskaera bat zen eta Osakidetzaren erantzunean argiki ulertzen da informazio hori ez dagoela bermatuta.
Egoera problematikoei konponbideak bilatu eta bermatze aldera, Udalak agintari jakin batekin harreman egonkorra eskatu zuen. Osakidetzaren erantzuna izan zen zuzendarien zerrenda web orrian ikus daitekeela.
Osakidetzaren oharrak ez du ezeztatzen udal ordezkariek eman duten informazioa, ez du zalantzan ipintzen idatzi edo adierazi dutena. Orduan, zertarako plazaratu zuen osasun sailak bere oharra?
Goian aipatu ditut gezur hitzarentzat erabil daitezkeen hainbat adiera; guztiak dira egokiak Osakidetzaren bertsioa zehazteko. Osasun sailak egia erabili du oharrean egiaren kontra ohartuki esateko, hau da: gezurra esateko. Itxurak egin ditu: udal ordezkariek emandako informazioa ukatu gabe, hauek gaizki azaldu omen dutena argitu nahi duela irudikatu nahi izan du. Egia diren azalpenak faltsutzea nahi du, gezurra direla esan gabe. Eta intentzio argiena nahastea eragitea da: zalantzak hedatu alkatea eta udal gobernuaren fidagarritasuna kolokan jartzeko.
Bileran egon zen Gotzone Sagardui Teologian diplomaduna omen da. Ziur badakiela gezurra esateak berez gauza txarra dela kristau-ikasbidean, bekatu handia dela. Zoritxarrez oso ondo jakingo du halaber kristau-doktrina horretan oso trikimailu adierazgarri bat asmatu zutela gezurrak barra-barra esateko: erreserba mental delakoa, tresna preziatua kristauek inolako lotsarik gabe gezurra esan ahal izateko. Aurretik bagenekien Sagarduik badakiela sasi-egien bitartez gezurrak esaten.
Nolanahi ere, ez da larritu behar; Sagarduiren alderdiko lehendakarigai berriak argi utzi du bere helburu nagusia euskal osasun-sistema indartzea dela. Ez dakit erreserba mentalarekin esan duen, baina entzun nuenean apustu bat egin nuen: hemendik hauteskundetara bitartean Osakidetzari buruzko albiste atsegin asko ikusi eta entzungo ditugu astero EITBn. Egun nahikotxo pasatu dira eta, momentuz, ez naiz okertu.
Jose Mari Gutierrez