Sartu garen 2022. urte honetan hiru urte beteko dira Arrankudiaga-Zolloko egungo udalbatza eratu zenetik eta, zoritxarrez, esan beharra daukagu gauzek aurreko bi legegintzaldietan bezala funtzionatzen jarraitzen dutela.
Egia da aurreko bi legegintzaldiekin konparatuz, legegintzaldi desberdina izaten ari dela hau, 2019-2023 legegintzaldia COVID-19ak markatuta baitator hein handi batean. Mundu mailako pandemia honek milaka pertsonen bizia eraman du aurretik. Horregatik, lerro hauekin jarraitu baino lehen, gure elkartasuna adierazi nahi diogu pandemia madarikatu honen erruz lagun edo senideren bat galdu duen pertsona orori. Jaso ezazue gure partetik besarkadarik beroena.
Baina, 2021. urtean ere, 2011. urtetik aplikatzen daraman dinamika berari eutsi dio EH-Bilduren udal gobernuak. Herriarentzako batere bideragarriak ez diren proiektuetan zentratuta eta kontrara, Arrankudiaga-Zollorentzat guztiz beharrezkoak diren mantentze lanak alde batera utzita.
Proiektu horietariko bat, 'Oxinburu' izenez ezagutzen den mega-proiektua da, 1.800.000 eurotik gorako kostua izango duena. Udal gobernuak 700.000 euroko mailegua eskatu behar izan du soilik proiektu horren lehenengo fasea gauzatu ahal izateko. Arrankudiaga-Zolloko Udalak inoiz eskatutako mailegurik altuena da hau. Eta larriena dena, proiektu hori, bideragarritasun planik gabe ari dira egiten. Atera ditzagun kontuak beraz hortik atera daitekeenaren inguruan.
EAJko zinegotzioi ikaragarri kezkatzen gaituen beste gai bat etxebizitzarena da. Hamabi urte pasa dira dagoeneko gure herrian etxebizitza publikorik eraiki gabe eta, ondorioz, herriko gazte askok behartua ikusi dute euren burua urte hauetan guztietan herritik kanpo bizitzera joatera. EH-Bildu gobernuan egondako hiru legegintzaldi hauetan ez da etxebizitza publiko bat bera ere eraiki herrian, EAJ-PNV gobernuan zela eraiki ziren herriko azken etxebizitza publikoak. Horregatik, hemendik aurrera ere, salmentazko etxebizitza publikoen alde jarraituko dugu lanean.
2022. urteari dagokionez, gobernu taldearen partetik ez dugu aldaketa handirik espero. 2011. urtetik gaur egun arte hartutako dinamika bererakin jarraituko dutelakoan gaude, batere bideragarriak ez diren proiektu handietan arreta guztia jarrita eta herriarentzako benetan garrantzitsuak diren gaiak alde batera utzita. EAJ-PNVko zinegotziok ordea, 2021. urtean egin dugun bezalaxe, gobernu taldearen lana kontrolatzen jarraitzeaz gain, gure herria, Arrankudiaga-Zollo hobetzeko proposamenak egiten jarraituko dugu: garbitasun eta mantentze lanen betetzea, etxebizitza publikoen gauzatzea… Baina, horretarako, Gabon jai egun hauek familia eta lagun artean atseden hartzeko aprobetxatuko ditugu, oporren ostean berriro ere lanera gogotsu eta topera bueltatu ahal izateko.
Bukatzeko, Arrankudiaga-Zolloko EAJ-PNVko udal taldeak, urte berria opa nahi die Aiaraldeko irakurle guztiei. Ondo pasa Gabon jai hauetan eta bakea eta osasuna guztiontzat.