Lehenik eta behin esan behar dut iritzi artikulu hau egiteko nire seme-alaben laguntza jaso dudala. Izan ere, euskaraz idaztea hitz egitea baino zailago egiten zait. Badirudi Ahobizi eta Belarripresten iniziatiba berri honek eraginkortasun handia izan duela herriarengan. Ni pertsonalki, belarriprest paperean egon naiz barneratuta 10 egun hauetan. Ez dut zalantzarik izan dinamika honetan parte hartzeko. Nire egitekoa ez da izan bakarrik euskaraz hitz egiten duen jendea entzutea, baizik eta nik nire euskara maila erakustea hitz egiten duen jendeari zein hitz egiten ez duenari. Bigarrenik, bizi izandako esperientziagatik aste labur hau ikaragarria eta lagungarria iruditu zait. Duela zenbait urte, aspalditik ahaztuta nuen euskara berriro ere ikasteari ekin nion euskaltegi batean. Nire helburu nagusia hizkuntza menperatzea da, ez modu profesional eta oso landu batean, baina bai elkarrizketa batean arazo barik parte hartu ahal izateko.
Hirugarrenik, aste honetan ikusi izan dudanagatik, uste dut jende ugari (ni barne) armairutik atera garela, inolako lotsa eta arazorik gabe. Herriko kaleetatik, tabernetatik… inoiz baino euskara gehiago entzun eta egin dudala esan dezaket. (...) Nik diodan moduan, nire euskara “etxean ibiltzeko modukoa da”, nahiz eta hitz egiterakoan akats asko sartu, jendeak ulertu egiten nau eta behar denean zuzendu ere, eta hori eskertzekoa da. Esan daiteke herriko jendeak, armairutik ateratzeaz gain, euskaraz hitz egiteko konpromisoa hartu duela.