Amurrion, abuztua beti egon da lotuta jaiekin, kalean egotearekin, gozatzearekin eta ondo pasatzearekin. Aurten, egoera, guztiz desberdina da. Erantzukizun sozialaren ondorioz herriko jaiak bertan behera utzi dira. Ez da unea guztion osasuna arriskuan jar dezaketen jende-pilaketa handietarako.
Hala ere, beharrezkoa da kulturak kalean bizirik jarraitzea eta merkataritzak, ostalaritzak eta negozio txikiek egoera zail honetan zutik eustea. Uztailean bezala, “Udako Kultur Tantak” programaren bitartez, kultur jarduera seguruak bultzatzen jarraituko dugu, eskatzen diren segurtasun parametroak zorrotz gordez eta gure herriko artistei lagunduz.
Amaitzeko, amurrioar guztien, gazteen eta helduen erantzukizunerako deia egin nahi dut. Egoera honetatik irteteko modu bakarra gutariko bakoitzaren ekarpena da. Orain inoiz baino gehiago, gure herrikideekin solidario izan behar dugu, eta COVID-19a transmititzea saihesteko ezarri diren neurriak bete. Argi daukat denon artean lortuko dugula.