Egun batzuk dira joan zinela, bat-batean gure bizitzatik. Egunero egiten zenituen gestio horietako bat egitera zindoazen. Egun horretan errenta aitorpena egin behar zenuen Laudioko Ogasunean. Ordutik malenkoniak harrapatu gaitu eta ez gaitu askatzen.
Urteko egun guzti-guztietan, Nerbioi Ibaiaren parke linealeko Amurrio-Laudio-Amurrio egiten zenuen oinez eguna hasi gabe, eta nolakoa den bizitza, justu ibilbide horretan geratu zinen goiz erdian autoz joan behar izan zenuen egunean.
Asko dira Ramon(txu) zure falta antzematen dugunok. Ahateak eta beste animaliak, zuk bakarrik ikus zenitzakeenak eguna hastean, eta gero ezkutatzen zirenak jendea pasatzen hasten zenean.
Gutako bakoitzak zure zati bat gordeko dugu. Agur bat, esaera bat, irribarrea, baratzeko zerbait… nire kasuan, betiko agur hori ez ahazteko: "Ze Josune? Dena ondo?" Eta erantzun bat zekarrela esan nahi zuenak. Adorea emateko modu naturala.
Naturazale amorratua. Natura maite eta zaindu egiten duen horietako bat zinen zu Ramon. Behatzen zenuen. Itsasoan arrantzan, baratzean zuhaitzak, landareak, paseatzen… Baratzean nola ureztatzen zenuen ere gogoan dut, zein maitasunez hurbiltzen zinen landare bakoitzera, banan-banan, egunero hitz egiten ariko bazina bezala. Horrelakoa zinen zu. Ramontxu semeak naturari dion adeitasun berdin-berdina. Etorkizuna hazi egin da.
Eta txikienak? Zure “txabalitoak”. Maddi eta Inar bilobak lehendabizi. Eta Uxue eta bere klasekideak bestetik. Uxuerekin emandako orduak eta orduak… baina bera bakarrik ez, inguruko beste guztiak zaintzen ematen zenituen bitartean. Hotza pasatzen, pazientzia betierekoa eta aurpegian irribarre marraztua.
Horregatik gogoratuko zaitugu, beti gertu egoteagatik. Eta “txabalito” horiek ere asko maite zaituzte.
Zure bidaiak Gasteizera bilobak, zureak ikustera. Begotxurekin ibilaldiak eta bidaiak, larunbatetako eta igandeetako zuen kafea, hainbeste gauza. Eta baita ihesaldi bat edo bidaia bat prestatzen ari zineten ilusioa ere.
Beti hor, diskretu, zure presentzia asko nabarmendu gabe, baina beti hor gertu. Bagenekien zu zeundela eta guztiok gustura sentitzen ginen zurekin.
Ez dizugu gehiago entzungo hainbeste erabiltzeko zapatilak zulatu zaizkizula (hainbeste kilometro egin ostean), ezta tabernan kafetxoa hartzen ari zinenean egunkarian irakurri zenuenari buruzko komentarioa ere. Amurrio maite zenuen eta goitik beherako Amurrioko albisteak zenekizkien.
Eta badakizu? Joan egin zara eta elkarrekin egiteke geratu zaigu plan-andana. Familiarekin egin beharreko planak. Gure kasuan, Gorbeiarako igoera hori, aldapa handirik gabeko zonalde batetik, azkenean behin igo ahal izateko, eta bazkari hori pandemia olatu hau igaro ondoren. Ikasitakoa. Inoiz ez atzeratu gauzak egin ahal duzun bitartean. Bihar agian ez da eguna argituko. Hori bai, egin itzazu irribarrea ahoan duzula, zuk bezala. Eskerrik asko eman diguzun guztiengatik. Betiko Ramon. Beti gure buruan eta bihotzean.