Arean atzera bagoaz, Untzetapikuko harri-bolak Jentil-harriak zirelakoa esaten izan da eta halantxe daukat entzunda eta batuta hainbat berriemaileri nire “Gorbeia inguruko Etno-Ipuin eta Esaundak” liburuan.
Ni neu ere hartan nengoen harik eta harri-bolak begien bistan agertu arte. Esaundetan batutako datoetariko bat 1941ekoa da, P.Intxaurraga Zeberiokoak kontatua bera ibili zelako Untzetaben harri-bolok lepora altzetan ikatza egosten zebilenean.
Gerora, 1983an uriolak etorri zitzaizkigun eta han hor hemen agiritu egin dira hainbat harri-bola, batzuk Orozko partean, beste batzukZeberiokoan.
Harrion atzetik ibili naiz eta azkenean argitu da enigma. Gaur egunean, Untzetapiku gaina antenaz beterik dago baina harriok agertu diranez gero, indusketak egin dira eta Erdi Aroko gaztelu baten oinarri-horma zaharrak agertu dira antena arte edo eta inguruetan.
Nik batutako mito eta esaundetan holako gauzak entzun ditut: “Jentilak harri-bolaka ibilten zirela mendirik mendi; jentilen balkoia zegoela Untzetapikun; jentilek txabola bat zeukatela eta han daudela horma-aztarnak etab”.
Gaurtik begiratuta zer? Ba, historiatik mitora joan dela herria. Untzetapikun Gaztelua zegoen eta aipamen bat egitearren aipamen hauxe: Untzetako gaztelukoak 1228an defendatu egin ziren Gaztelako Sancho IV.ren aurka. Horretarako harri-bola landuak erabili zituzten trabukoz edo txirran botateko plataforma batetik.
Historia-ikerketak argitasuna ekarri digu baina gure memoria historikoa laburra denez, Untzetako historia mito bihurtu du herriak leku-denporetan. Horregatik ba, mito edo esaunda baten sakonetan beti dago bizikeraren arrastoren bat.
Ezerezetik ez dator ezer!