Gorbeialdean, era askotako ganaduak egon direnez, “artzain” hitza baino “pastore” berba erabili da gehiago.
Pastore artean, “mandazain” hitza erabili izan da mando-zaintza adierazteko.
Baziren aldi baten, Gorbeialdean, mandazain bi, bata baino bestea baragarriagoak.
Era askotako beharrak egiten zituzten, mandabiderik mandabide, batez be, buztarri-ganaduentzat ezinezkoak zirenak, zeinda, bidezidor, pasabide estu, aurgora-aurbehera garratz, istuki eta abarretako beharleku gatxak.
Jo eta ke zebiltzan gure mandazain biak, zeinek behar gehiago egin hogerleko batzuk irabazteko.
Biak lan eta lan baina, batak, beti gura izaten zuen besteak baino gehiago izan. Batak hage bat ekarten ba zuen narraz ziria sartuta, besteak bi. Horrela zebiltzan, norgehiagokan, bata bestearen lehian.
San Inazio egun batean, Egiriñaoko landako pagaduian, badiotso batak besteari:
- Hi, mundu guztiak zakik ni hi baino gehiago naizela mandazain beharretan eta mandoetan ere bai. Aiko, hauxe agindu hau egingo diat: mando bat saltzen badidak, nik bikoiztu egingo diat nire mando-elia.
- Hi, eta besterantz egiten badiagu zer? Nik neuk heuri saldu baharrean, hik heuk neuri saltzen badidak mando bat, biok mando-eli berdina edukiko diagu. Errekoño!
Zenbat mando zeuzkan mandazain bakoitzak? Zeuok atera kontuak, buruz zein ekuazio bidez.