Muskerrari, beldur handia izaten zitzaion, ia-ia sugeari beste. Gure zaharren ustez, muskerrak bernatik-edo ausiki egiten omen zuen edo samara salto ere bai.
Beldur hau dela-eta, aikomen Gorbeialdeko esaunda hau:
“Behinola, urlia, Bariku Santu arrastiz, eleizara barik, otegurretan joan omen zen labesua egiteko. Urli horrek ote karga hori estukinaz lotu, lepoan hartu, eta etxerako adian eragoion. Halako batean, zazt! bernatik ausiki egin zion musker batek. Ahalak egin arren ere, ezin zuen muskerra soltatu.
Horretara, Bariku Santua zela konturatuta, bota lepoko ote-karga eta elizarako bidea hartu zuen. Abadea ikustean badiotso:
- Jauna, ikus beza berorrek nire bernako musker hau, ezin dut ezelan ere soltatu.
- Baina, nondik ibili zara ba?
- Ba, aiko jauna, elizara barik beresira joan naiz otegurretan eta parkeske nator.
- Ai ene, nik barkatuko dizut Bariku Santuko elizkizunera etorri eza “in nomine Patris…” baina, musker deabru hori bernatik uxatzeko zazpi herritako kanpaiak jo behar dira. Zoaz eta sakristauei agindu kanpai-hotsean hasteko.
- Bai, jauna, horixe egingo dut.
Gorbeialdeko zazpi herritara jon omen zen eta zazpigarren elizako kanpai-hotsa entzutean, musker horrek alde egin zuen”.
Muskerrari beldurra izan ere egin behar honelako herri-esaundak entzun eta sinistuz gero!