Asteburu honetan, 1987an bezala, Errealaren Kopako finala bizitzera joan nintzen. 1987an Zaragozan izan zen, eta asteburuan Sevillan.
Betidanik izan naiz Real Sociedadeko jarraitzailea, txikitatik. Umea nintzela zaletu nintzen eta beste amodio batzuekin ez bezala, futbol taldez ezin da aldatu. Arraroa da, ez baitut seniderik Gipuzkoan, baina Laudion 100 zale baino gehiago biltzen gara.
Gauzak horrela, ostiralean Sevillara jo genuen eta partida hasi baino lehen nire tokia hartu nuen futbol estadioan. Gure eremua mistoa zen, batzuk errealekoak ginen eta beste batzuk Atletico de Madridekoak eta guztiei esan nien gauza bera: “Gaurko finala Zaragozan bezala amaituko da eta penaltietan irabaziko dugu”. Askok harriduraz begiratzen ninduten, baina nik bihozkada nuen.
Sentimendu hori indartu nuen Marreroren kamiseta ikustean, Luis Arconadaren kamiseta oroitzen zuen eta, norbaitek ez badaki, Arconada izan zen 1987ko heroia, penaltiak geldituta.
Eta zorionez ez nintzen okertu. Finala paregabea izan zen eta hasiera eta amaiera ezin hobea. Segundo gutxitan sartu zuen lehen gola taldeak eta korrika ospatu nuen. Eta sentsazio guztiekin batera, banuen susmoa gure alde beste talisman bat izango genuela: Aitor Zabaleta.
Aitor errealeko zale jatorra zen. Cartujan prestatutako fanzonean Iskanbila Peñarekin topo egin genuen eta han zeuden bera ezagutu zuten kideak. Guztiek kontatu ziguten zein tipo jatorra zen, inolako etsairik gabekoa. Inork ez zuen ezer bere aurka eta hil zutenek, Frente Atletico barruan dagoen Bastión talde are ultragoko jendilajeak, argi izan zuten 1998ko abenduaren 8an euskaldunen ehiza egingo zutela eta trofeoa lortuko zutela. Izan ere, Aitor labankadaz hil zutenek euskalduna izateagatik erail zuten.
Ez zen aurretik inolako liskarrik egon eta ez zen ultren arteko borrokarik egon. Aitor Zabaleta ez zen ultra bat, emakumez osatutako peña batekin jaitsi zen Madrilera bere taldea animatzera eta futbolaz gozatzera, eta nazi batzuek hil zuten. Ez dago ekidistantziarako tarterik eta horrela ulertu genuen Euskal Herrian orduan eta oraindik ere.
Horregatik larunbatean bere tifoak gogoratu zigun estadioan geundenok ez ezik, nonbaitetik Aitor genuela animatzen eta bere indarra sentitu genuen penaltietan.
Horregatik guztiagatik, gora erreala eta gora Aitor Zabaleta!