IRITZIA

Tubacexi buruz

Erabiltzailearen aurpegia Juanje Merchán Mesón 2020ko uzt. 28a, 07:12

Tubacexen Laudioko lantegia. / Aiaraldea.eus

Uztailaren 21a egun beltza izan zen Aiaralderako. Oraingoan, TUBACEX enpresaren Amurrioko eta Laudioko lantegietan kaleratze ugari iragarri dituzte. Enpresa sendoa da eskualdean, eta harro gaude, besteak beste, nire herriko -Laudioko- herritar guztiak. Enpresa hori gainditzearen eredu izan da, baita kudeaketaren eredu ere, laurogeita hamarreko hamarkadaren erdialdean bere etorkizuna hari batetik zintzilik egon zen garaian.

2008ko banku-krisiak aurrekaririk gabeko atzeraldia eragin zuen Espainiako ekonomian, eta eragin oso negatiboa gure eskualdean. Gure eskualdeko enpresa garrantzitsuen itxiera masiboaren lekuko izan ginen, eta langabetuen zerrenda modu kezkagarrian gizentzen ikusi genuen. Gazteen animo ezak gure herriarekiko desatxikimendua sortzen zuen, herria ez zelako gai euren beharrei erantzuteko, ezta hemen bizitzen geratzeko desioari erantzuteko ere. Krisi hartatik atera berriak ginela zirudienean, gure herrialdearen historia hurbilean aurrekaririk izan ez duen amesgaizto handi batekin esnatu ginen berriro.

Aurreko krisialdietako batek ere ez zuen jatorri bera izan, ez zuten elkarren antzik, eta krisi horiek eragin zituzten faktoreak ere ez ziren berdinak. Hala ere, ez nago oker esaten dudanean krisi horiek guztiek bazutela zerbait komunean: langile-klasearen sakrifizioa. Sozialistoi haserretu eta gogaitu egiten gaitu hasi berri dugun egoera zail honetan langileriaren soldatak eta lan-baldintzak berriz ere zalantzan jartzeak eta, ia berehala, proposamen horrek sintonia politikoa izatea ekonomia ia-ia gure osasunaren gainetik defendatzen zuten horien beste proposamen batzuekin. 

Ez genuke ezer ikasiko berriro ere onartuko bagenitu PPren gobernuaren bermearekin erabilitako enpresa-formulen planteamenduak. Izan ere, formula horiek langile-klasea pobretu zuten eta ez dute ezertarako balio izan krisi honetan, gure gazteen etorkizuna eta jada baztertuak izan direnen oraina bidean uzteko izan ezik, zure ezagutzak eta esperientzia kontuan hartzen ez dituen eta zure adinagatik arbuiatzen zaituen lan-sistema baten ondorioz.

Ez ditugu ahaztu nahi salbuespenezko neurriak, elkarrizketa sozialeko esparru baten barruan gauzatu direnak eta gobernu honek lan-arloan kudeatu dituenak, Mariano Raxoiren gobernuak aurreko krisian hartu zituenetatik ezberdinduta.

Bizitzeko gutxiengo diru-sarrera eta arrisku larrian zeuden etxeko ekonomia asko salbatu dituzten ERTEak bezalako neurriak martxan jarri dira. Duela gutxi, Europar Batasunean lortutako akordioak 140.000 milioi euro eman dizkio gure herrialdeari. Horrek, hain zuzen ere, egungo krisi handi honi erantzuteko oinarriak ezartzea ahalbidetuko du, herrialdea eraldatuko baitu, ekonomia "hazkunde inklusiboago eta iraunkorrago" batera bideratuz.

Ulertezina egiten zaigu berriro ere entzun behar izatea prekarizazioa eta lan-eskubideetan atzera egitea bezalako formula zaharrak direla kaleratze masiboa ekiditeko alternatiba bakarra. Ez al dugu hausnarketa bat egin arazo honi soluzio bat bilatzeko begirada langileen lan-eskubideeen murrizketan jarri gabe?

Amesgaizto honetatik ia ez gara esnatu, eta dagoeneko ziurtzat jotzen ari gara soldaten murrizketen eta lan-prekarietatearen formula zaharrak, aurreko krisian ezer konpondu ez zutenak, direla "normaltasun berri" honetan aurkitzen ari garen arazoak konpontzeko txertoa.

Sozialistok uste dugu "normaltasun berri" honetan honakoa ikasi behar dugula: beste ezeren gainetik, elkarrizketa sozialak maila guztietan egon behar duela, langileak agerian ez uzteko, haien lan-baldintzak hobetzeko eta, ondorioz, produktibitatea hobetzeko. Hausnarketa sakona egin behar da krisialdi honetatik ateratzeko, enpresa gisa modernizatuz eta produktibitatea hobetuz,  modernizazio hori langileen eskubideen eta lan-baldintzen (ez pribilegioen) kalterako izan gabe. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide