Krisi ekonomikoa hasi zenetik eskualdeko langabezia 2,5 aldiz biderkatu da. Izan ere, 2008ko apirilean 1430 pertsona zeuden lanik gabe Amurrion, Artziniegan, Arakaldon, Arrankudiagan, Aiaran, Laudion, Okondon, Orozkon eta Urduñan. 2013ko apirilean, aldiz, 3.530 lagun izan dira langabezia pairatu dutenak; duela bost urte baino %146,85 gehiago.
Egun, Laudion %20,1 langabe daude; Amurrion %17,2; Aiaran %17,9 eta Urduñan %17,7. Hego Euskal Herriko beste herriekin konparatuz, langabezia datu kezkagarriak dituzten herrien artean daude horiek. Adinari erreparatuz, 35 urtez beherakoen artean lanik eza da nagusi; %56 egoera horretan baitago. Laudion, esaterako, langabeen %48ak, 1713 biztanlek, denbora luzea daramate lanik egin gabe.
Bestalde, nabarmentzekoa da Laudioko langabeen %22,5 baino ez dela laguntza ekonomikoa jasotzen ari. Alegia, langabeen %77,5 bizirauteko ekarpen edo baliabide ekonomikorik gabe dagoela.
Amurrion, aldiz , %46,5 da langabezian denbora luzea daraman herritarren portzentaia. Horietatik %20,6ak bakarrik jastotzen du laguntza ekonomikoren bat.
Aldi baterako kontratuak nagusi
Enpresei erreparatuz, burutu diren kontratuen %95 aldi baterakoak izan dira. Estatistika ofizialak aztertuta, Aiaran martxoa eta apirila bitartean egin diren lan kontratuen batazbestekoak 41-47 eguneko iraupena izan zuten.Azken bi hilabeteetako datuek Laudioko kontratu gehienak 20-29 egun bitartekoak izan direla diote. Amurrion, martxoko lan-kontratuen batazbestekoa 39 egunetakoa zen, apirilean 11 egunetara murriztu delarik.
Maiatzak 30ean, greba orokorra
Egoera ekonomikoaren aurrean maiatzaren 30ean greba orokorra deitu dute ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru eta CNT sindiaktuek. Baita eragile mordoak ere. Grebaren bidez, egoerararen erantzule politiko eta ekonomikoak seinalatu nahi dituzte. Besteak beste, 35 lan-orduak ezartzea eskatuko dute, eta politika fiskal bidezkoagoa eta orekatuagoa ezartzea. Izan ere, Hego Euskal Herriko kontratuak astero 35 lan ordutara mugatuko balira, langabezia %34 jaitsiko litzateke.
Maiatzaren 30eko greba orokorrak jubilatu eta pentsiodunak ere mugiaraziko ditu, espainiar gobernuaren murrizketek pentsio sistema eta pobrezian txarrerako aldaketak ekarriko baititu.