Langabetuen kopurua % 11 hazi da urtebetean
Aiaraldean ere datu negatiboak eragin ditu krisi ekonomikoak. Langabeziak markak hautsi ditu gure eskualdean, eta 1994. urteaz geroztik ikusi ez ditugun datuak erregistratu dira. Halaber, etorkizun hurbila beltza da, adierazle guztien arabera, ekonomiak ez duelako hobera egingo, eta atzeraldiak 2013ra arte iraungo duelako. Kalkuluen arabera, bost urte beharko ditugu krisia gainditzeko.
Dena den, lan-merkatuan eta laneko baldintzetan egin diren aldaketak direla medio, ezer ez da berdina izango. Langabeziak, bada, gora egiteko joera horri eutsiko dio gure eskualdean, baina udalerri bakoitzeko egoera desberdina da. Hain zuzen, Laudio, Amurrio eta Urduña dira langabetu gehien dituzten herriak.
Nahiz eta Euskal Herriko erakundeak ez ikusiarena egiten saiatu, krisia 2007an hasi zen, eta harez geroztik langabezia % 129,81 hazi da Aiaraldean; hau da, bikoiztu baino gehiago egin da bost urte hauetan. Esaterako, azken urtean, eskualdeko langabeziak % 11 egin du gora; ehuneko aski handia, beraz.
Adibidez, Laudiok % 16,6ko langabezia du, Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoa (% 15,4 inguru) baino altuagoa. Barakaldoko langabezia-tasatik (% 18,5) gertu dago. eta Eibarrek baino langabetu gehiago ditu (% 15,9). Datuok generoaren arabera bereizita, zera ikusten da: Laudioko emakumeen langabezia-tasa (% 20,5) Barakaldokoa baino altuagoa dela.
Horri guzti horri gehitu behar zaio kontratazioak jaitsi egin direla, eta enpleguaren kalitateak nabarmen egin duela behera. Egoera, zalantzarik gabe, zaila da, are gehiago kontuan hartuta Administrazioak berak ez duela enplegu-politika aktiborik eta enpresariek ez dutela inor kontratatu nahi. Izan ere, atezuan daude, indarrean jarri diren erreformen bitartez errentagarritasun handiagoa lortzea espero dutelako.