Duela aste batzuk Sidenorreko presidenteak, Jose Antonio Jainagak, fusio proposamen bat helarazi zien Olarra, Tubacex eta Tubos Reunidosi. Zerumugan arazoak sumatzen diren uneetan antzeko ekimenak sortzen dira Hego Euskal Herrian. Ez dira berriak. Berez, Sidenor fusio baten emaitza da. Laudion ondo oroitzen dugu prozesua, Aceros de Llodioren itxiera eta enplegu askoren galera ekarri baitzituen. Beranduago, Tubacex krisian sartu zenean, euskal hodi batasuna sortzeko saiakera egin zen. Ez zen itxi, Tubos Reunidos eta Productos Tubularesek euren etorkizuna batu eta Trapagarango fabrikak duela gutxira arte une txarrak bizi izan dituen arren.
Ekipo ondasunak (Babcock Wilcox eta Mecánica la Peña) beste porrot bat izan ziren. Orain, Jainagak garai zailak aurreikusten ditu Sidenorrentzat. Imajinatzen dut zerikusia izango duela ibilgailuen salmentan egondako geldialdiarekin eta duten etorkizun zalantzagarriarekin. Argi dago horrelako proposamenak botatzen direnean, horien atzetik administrazio publikoaren ateetara deitzen dela hainbat motatako laguntzak lortzeko. Gasteizko gobernuak bere interesa erakutsi du dagoeneko, noski.
Talde handiago bat da Sidenorreko presidenteak benetan lortu nahi duena. Baina, ze tamainakoa? 2.000 milioi fakturatuko lituzkeela eta 6.000 langile izango lukeela kalkulatu du, eta horietatik %75ek Hego Euskal Herrian lan egingo lukete. Proiektu honen atzean, beste batzuetan bezala, lan-doikuntzaren itzala azaltzen da. Jainagak berak gaitzetsi zuen Hego Euskal Herrian produzitzeak dakarren kostu handia. Ikusiko dugu nola amaitzen den.