Duela egun batzuk berri on batekin esnatu ginen: aurten ez omen dute Lezeagako sorgina erreko, horren ordez, omenaldia egingo diote.
Udalak ohitura egokitzea erabaki izanak hautsak harrotu ditu. Zur eta lur geratu naiz. Ohituretan babesten gara egunez egun kobazuloetara gerturatzen gaituzten ekintza sortak justifikatzeko. Ez dut esan nahi ohitura hori bereziki makabroa denik, azken batean sutan dagoena panpina da. Kezkatzen nauena da, sorginen erreketaren atzean dagoena ohitura sinple bat baino harago doala onartzeko zailtasuna.
Ezin zaigu ahaztu sorginkeria akusaziopean izugarrikeria galantak egin zirela, sorgin ehizarekin kalkula ezinezko jakintza eta praktikak desagerrarazi zituztela, horien bitartez zuten botereari zitzaion beldurragatik. Horregatik, hausnarketa bat egin beharra dago eta pentsatu inauteriz inauteri sorgin bat erretzeak zer adierazten duen. Gure ohiturekin emakumeen askatasunari beldurra diogula adierazi nahi dugu? Emakume ausart eta jakintsuei beldurra, zaintzen eta osatzen zekiten emakumeenganakoa? Edo omendu nahi ditugu? Eta omenaldi horrekin emakumeei erakutsi jada ez dugula euren inteligentzia, euren ezagutza eta ausardia zigortzen jarraitu nahi?